Itziar Okariz protagonista, Guggenheim Bilbao Insights saileko laugarren bideoan

Bizkaie! 2021-02-12 12:27   Kulturea

Lucía Aguirre arte-arduradunagaz hainbat gairen inguruan berbetan agiri da.

Lucía Aguirre (atzez) eta Itziar Okariz, bideoan | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Guggenheim Museoko arte-arduradunak eta museoan piezaren bat daukien artistak alkarrizketan jarteko asmoa dauen Guggenheim Bilbao Insights ikus-entzunezkoen saileko laugarren bideoa ikusgai dago. Kasu honetan, Itziar Okariz sortzaile bilbotarra eta Lucía Aguirre arte-arduraduna dira protagonistak. Ikusi bideoa hemen

Okarizen ibilbide artistikoa eta haren obra esanguratsuenak jorratu ditue alkarrizketan. Bideoa Richard Serraren Denporearen materia instalazinoa dagoan aretoan grabau dabe, hain zuzen be, hantxe egin ebalako Okarizek Txaloa performancea 2007an. Nortasun handiko soinu-ekintzea aukeratu eban bilbotarrak, txaloak, jentaurrean lehenengoz jarteko, Bilboko Guggenheimeko aretorik enblematikoenetako baten.

Bestetik, Irrintzi. Chacun à son goût erakusketarako berariaz sortutako ekintza-sortea be aitatu dabe Okarizek eta Aguirrek bideoan. Kasu haretan, museoko hainbat txokotan gorputzagaz eta soinuagaz esperimentau eban artisteak. Sorkuntzakaz dauen alkarrizketea nabarmendu dau Okarizek bideoan: nire lanean behin eta barriro erabili izan dodan kontua da; komunikazinoa gatxa da, eta horixe interesetan jat

Ikus-entzunezkoa biribiltzeko, Okarizek Shanghaiko bienalean Ozeanikoa performancea aurkeztu ebanekoa jorratu dabe. Alabeagaz batera eta online formatuan egin eban yogako arnasketa klase bati erreferentzia egiten deutsan soinu-obrea.

Guggenheim Bilbao Insights saileko laugarren bideoa aurkeztuta, laster baten helduko da bosgarrena be, martian. Esther Ferrer artistea eta Lekha Hileman Waitoller arte-arduraduna alkarregaz berbetan entzun ahal izango doguz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu