Igaz 1.811 obra inskribidu ziran Jaubetza Intelektualaren Erregistroan

Bizkaie! 2021-02-01 07:45   Kulturea

2012. urtean erregistroa sortu zanetik 15.466 obra inskribidu dira.

Eusko Jaurlaritzaren Jaubetza Intelektualaren Erregistroak 1.811 erregistro jaso zituan 2020. urtean, aurrekoan baino ia 200 obra gehiago. Apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuaren arabera, Jaubetza intelektualaren objektu dira jatorrizko sorkuntza literario, artistiko edo zientifiko guztiak, gaur egun ezagutzen dan edo etorkizunean asmetan dan edozein bitarteko edo ikutututeko euskarriz zein ikutuezinez adierazoak. Horreen artean dagoz lan literarioak, artistikoak, ikus entzunezkoak, ordenagailurako programak edo lan zientifikoak.

Igaz, 2020. urtean, % 11 hazi zan Jaubetza Intelektualaren Erregistroan izena emondako obren kopurua. Obra ereduaren arabera, ugarienak lan literarioak izan ziran: Lan literarioak 919 izan ziran 2019. urtean eta 1.033, barriz, 2020. urtean.

Arlo musikalean, 399 izan ziran 2019an eta 407, barriz, 2020. urtean.

Eusko Jaurlaritzeak 2012an, jaubetza intelektualari buruzko legeria betearazoteko transferentzia jaso ondoren sortu eban Jaubetza Intelektualaren Erregistroa. Ordutik, 15.466 lan erregistrau dira.

2020. urtea koronabirusak eragindako pandemia urtea izan zala kontuan hartuta Jaubetza Intelektualaren Erregistroan inskribidutako obra kopuruak erakusten dau Euskadik herri sortzailea izaten jarraitzen dauela. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailak sorkuntza-giro hori jagoten jarraitzeko helburua dau eta horixe iragarri eban Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak joan dan urriaren 28an Eusko Legebiltzarrean datozan lau urteetako lan ildoen barri emoterakoan be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu