Bilboko Aratusteak, bertan behera

Bizkaie! 2021-01-29 12:27   Kulturea

Lehentasuna osasunari emotea erabagi dabe, erantzunkizunagaitik.

Jai Batzorde Mistoko ordezkariak, Euskal Museoan (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Jai Batzorde Mistoan parte hartzen daben erakundeetako ordezkariek agerraldia egin dabe, aurreikusteko modukoa izan dan albistea emoteko: 2021ean ez da Aratusterik egongo Bilbon. Covid-19aren pandemiaren eraginez, aurretik beste ekitaldi jentetsu batzuk ezin izan dira egin, eta osasun egoerearen bilakaerea ikusita, Aratusteak ez dira salbuespena izango. 

Bilboko Udala, Konparsak, Fekoor eta Zazpi Kaleetako Merkatarien Alkartea dagoz Jai Batzorde Mistoan. Ezelako zalantzarik agertu barik, danek egin dabe ospakizunak bertan behera ixteagaz bat. Erabagia alkarregaz hartu dogu, erantzunkizunagaitik, adierazo dabe Euskal Museoan egindako agerraldian. Itziar Urtasun zinegotziak eta Konparsetako kide Artzai Goieaskoetxeak egin dabe berba danen izenean.

Lehentasuna, bilbotarren osasuna eta ondoizatea babestea da, ganeratu dabe. Bat gatoz persona guztien osasuna ondo pasetearen ganetik dagoala. Aratuste barik, ez dogu kaleetan jente-piloketa masiborik izango.

Aurten, zezeilaren 13tik 16ra izan dira ospatzekoak Bilboko Aratusteak. Normalean, familiak, lagun-taldeak eta konparsetako kideak kalerik kale ibilten dira mozorrotuta, giro onean. Desfileak eta bestelako jarduerak antolatzen ditu Jai Batzordeak. Aurten, baina, ez da holakorik egongo. Ardura kolektiboa gogoan, bilbotarrei eskatu deutse osasun eta segurtasun neurri guztiak bete deiezela.

Dana dala, ohiko osasun neurri guztiak zorrotz beteta, mozorroa jantzi gura dabenentzat, aurtengo gaia magia izango dala adierazo dau Jai Batzordeak. Oraingo egoeran, magia beharrezkoa dala uste dabe, osasun-krisiaren olatuak gainditzeko; krisi ekonomikoan inor atzean ez ixteko; itxaropen ezaren, tristeziaren, urduritasunaren eta umore txarraren olatuan surf egin eta txisteratik irribarre bat ateratzeko.

Horregaitik, magia egitera deitu ditue bilbotarrak: inoiz baino gehiago osasungintzea eta zerbitzu publikoak babestuz, lan-baldintzak defendiduz, kaltetutako kolektibo eta herritarrei lagunduz eta alkartasun sareak sortuz, besteak beste. Eta txikien eta ez horren txikien irribarreak biztu magiagaz, aratusteen ikur diran mozorroen bidez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu