Eva Ferreira, UPV/EHUko errektore izentau dabe gaur
2021-01-25 12:12 KultureaGizartearen erronkak gure jarduerearen erdigunean jarri behar ditugu.
Ekonomia Aplikatuko katedradunak, Eva Ferreirak, UPV/EHUko errektore kargua hartu dau gaur, urtarrilak 25, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzearen egoitzan, Gasteizen, Iñigo Urkullu lehendakaria buru izan dauen ekitaldian.
Errektoreak adierazo dau sasoi barria hasten dala, helburu barriakaz, baina eregita dagoanaren gainean eregia beti. Era berean, karguari ilusinoz eta harrotasunez ekingo deutsola adierazo dau, baina, umiltasunez be bai, karguak dakarzan zereginez jaubetuta: Unibersidade lez bikaintasun akademikoa eta intelektuala bilatu behar dogu, baina, unibersidade publikoa garenez, ikuspegi edegi, integratzaile eta solidarioa be izan behar dogu: gaitasun intelektualek ez dabe aukera ekonomikoez ulertzen. Gizartearen erronkak gure jarduerearen erdigunean jarri behar ditugu.
Euskal unibersidadearen nazinoartekotze prozesuari helduz, errektore barriak azpimarratu dau unibersidadeak bere ospean izan dauen aurrerapen nabarmena, unibersidade hain gaztea izanik: Hori talde lanaren ondorioa da adierazo dau eta, puntu honetan, eskerrak emon deutsee erakundeei unibersidadeari emondako babesagaitik, unibersidadeko kide guztiei —ikasleei, administrazino eta zerbitzuetako langileei eta irakasle-ikertzaileei— beren konpromisoagaitik eta Nekane Balluerkaren taldeari, egin dauen lan apartagaitik.
Ferreira errektoreak lehendakariaren aurrean eta bertaratutakoen aurrean adierazo dauenez, UPV/EHUk autonomiaz lan egiten jarraituko dau, baina baita erantzukizunez be eta bere laguntzea eskaini deutse erakundeei: Helburua unibersidadea bidaide izatea da, egin geinkena eta egiten dakiguna eginez: personak prestatzea eta ezagutzea sortu eta transferidutea, gizarte edegi baten balioakaz eta euskal gizartearen zein erakundeen aurrean ditugun konpromisoakaz bat etorrita.
Bere aldetik, lehendakariak esan dau: Etorkizuneko erronkei egokitu eta eskari barriei erantzuna eskaini behar deutsegu, hau da, goi-mailako hezkuntzearen ardatz nagusiak nabarmenduko ditut: ekidatea eta bikaintasuna; formakuntzea eta ikerketea; euskal gizartea eta nazinoartekotzea; gizartean eragina eta enpresea, horreek dira Euskal Unibersidadearen proiektua indartzeko ardatzak. Ardatzok jorratuz lortuko dogu hezkuntza ereduaren, euskal unibersidadearen eta politika zientifikoaren benetako lanketea eta iraunkortasuna.
Ekitaldian izan dira Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakaria, Nekane Balluerka UPV/EHUko errektorea, Jose María Guibert eta Vicente Atxa Deustuko eta Mondragon unibersidadeetako errektoreak, Adolfo Morais Unibersidadeetako sailburuordea eta lehengo eta oraingo errektore taldeetako kideak.
Eva Ferreira
Barakaldon jaioa, matematikaria da, doktorea eta Ekonomian katedraduna UPV/EHUn eta Probabilidade eta Estadistikako masterra dauka New York Unibersidadeko Courant Institutuan lortua. Ibilbide luzea dau irakaskuntzan eta ikerketan, nazinoartean ezaguna eta zabalkunde zientifikokoaren arloan be jardun zabala dauka. Gestinoari jagokonez, UPV/EHUn Ekonomia Gaietako eta Akademia Antolaketako errektoreordea eta idazkari nagusia izan zan eta 2015etik 2019ra, Unibasq-Euskal Unibersidade Sistemearen Kalidade Agentziako zuzendaria.
Ferreira irakaslea UPV/EHUn zemendiaren 26an egindako hauteskundeetan aukeratu eben, emondako botoen % 66,24 eskuratuta. Unibersidadeko kide guztiek aukeratzen dabe UPV/EHUko errektorea, sufragio unibersal haztatuaren bidez. Orain, hautagaitza bakarra aurkeztu zanez, botoa aldekoa edo zuria baino ezin zan izan eta emondako boto haztatuen herena lortu behar eban.
Honako honeek dira Ferreiraren taldeko kideak: Aitor Zurimendi, idazkari nagusia; Manoli Igartua, Arabako Campuseko errektoreordea; Gorka Moreno, Bizkaiko Campuseko errektoreordea; Agustin Erkizia, Gipuzkoako Campuseko errektoreordea; Guillermo Quindós, Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren arloko errektoreordea; Junkal Gutiérrez, Euskera, Kultura eta Nazinoartekotzearen arloko errektoreordea; Federico Recart, Irakasle-ikertzaileen arloko errektoreordea; Inmaculada Arostegui, Ikerketaren arloko errektoreordea; Laura Vozmediano, Graduaren eta Hezkuntza Barrikuntzearen arloko errektoreordea; Montserrat Maritxalar, Graduondokoaren eta Etenbako Prestakuntzearen arloko errektoreordea; Fernando Tapia, Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordea; Juan José Unzilla, Eraldaketa Digitalaren eta Komunikazinoaren arloko errektoreordea; eta Lore Bilbao, gerentea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!