Euskal literaturea eta futbola jorratu ditue liburu baten
2020-12-09 13:57 KultureaMari Mar Boillos eta Jon Kortazar dira lanaren egileak.
Sarritan guztiz kontrajarritako kontzeptutzat joten doguzan arren, Mari Mar Boillosek eta Jon Kortazarrek aurkeztu barri daben liburuak buztartu egiten ditu euskal literaturea eta futbola, errealidade osogarri bi diralakoan. EHUren bidez argitaratu dabe Egungo Euskal Literatura eta Futbola.
Hiru zatitan banatu dabe lana: lehenengoan, ikerlana aurkeztu dabe; bigarrenean, didaktika kontuetan sartu dira; hirugarrena sorkuntzeari eskaini deutsie. Gai hori zelan aukeratu daben azaltzeko orduan, Kortazarrek gogoratu dau egile biak dirala futbolzaleak, EHUn literaturearen inguruko jarduna izateaz gan. Ganera, ikusi dabe euskal literaturan badagozala futbolaren inguruko aitamen asko.
Kortazarrek dinoanez, Lauaxetak Athleticen partiduen kronikak idazten zituan, idazlea ez eze, kazetaria be bazalako. Geroago, ezin dira ahaztu Gabriel Arestik Athletici edo Xabier Letek Realari egindako aitamenak, euren lan literarioen barruan. Ramiro Pinillaren nobeletan be topau dabe material ugari.
Horrezaz gan, gaur egungo idazleen testuak be sartu ditue 220 orriko liburuan. Esate baterako, Karmelo Jaio, Manuel Rivas eta Nadal Saria irabazi barri dauen Ana Merinoren pasarteak datoz. Horreek idazlan guztiak irakurleen gozagarri izango diralakoan dagoz.
Futbolzalea irakurzale bihurtu nahi dau liburuak, egileen arabera, eta baita literaturzaleen artean futbolak daukan gitxiespena kendu be. Kortazarrek Jorge Valdano entrenatzailearen aipua gogoratu dau: Futbola gustuko badozu, galdu bildurra letrei; literaturea maite badozu, ez pentsau baloia objektu okerra danik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!