Bizkaiko 32 museotako altxorrak Bilbon

Bizkaie! 2020-06-09 12:07   Kulturea

Uribitarte pasealekuan panelak ipini ditue.

Erakusketea Bilbon (argazkia: BFA) | Ikusi handiago | Argazki originala

Egunotan Bilboko Uribitarte pasealekuan dabilenak Bizkaiko 32 museotan dagozan piezen lagin polita topauko dau, Bizkaiko Foru Aldundiaren ekimenez ipinitako erakusketeari esker. Museoen Eguna online ekimenari segidea emoteko, herrialde guztiko museoetako objektu esanguratsuenen argazkiak eta datuak panel handi batzuetan (totem diralakoetan) batu ditue, eta Uribitartera eroan.

Ekimen honegaz, Bizkaiko museoen aberastasuna herritarrei hurreratu nahi deutse Foru Aldundiak, konfinamenduaren ostean barriro ateak zabaltzen hasi dirala aprobetxauta. Bilbon pieza esanguratsu batzuen barri jaso leiteke, baina museoetara joanda horreek eta gehiago topauko ditu bisitariak.

Bizkaiko eskualde guztietan dagoz museoak, batzuk Foru Aldundiak berak bultzatuak, eta beste batzuk beste erakunde batzuen jaubetzakoak. Gai ugari jorratzen ditue, bizimodu tradizionaletik hasi eta arte garaikideraino. Bilboko Berreginen Museoa edo Aste Santuko Pausuena, Burdin Hesiaren Oroimenezkoa, Muskizko El Pobal burdinolea, Meatzaritzearen Museoa, Hontza natur zientzien museoa Mañarian, Agurtza itsasontzia Santurtzin, Simón Bolibarri buruzkoa Bolibarren... danetarikoak dagoz Bizkaian.

Uribitarteko erakusketea garagarrilaren 8ra arte ikusi ahal izango da. Euskera eta Kultura diputadu Lorea Bilbaok panelak bisitau ditu, museo batzuetako arduradunak lagun. Herritarrak konbidau ditue museoetara hurreratu eta hurretik ezagutzera barruan daukien guztia.

Hain zuzen be, Bizkaiko Foru Aldundiaren sareko museo eta erakusketa-gelek gaur, hilak 9, zabalduko ditue ateak, osasun larrialdiak eragindako itxialdia atzean itxita. Honeek dira: Bilboko Ondare eta Rekalde aretoak, Gernikako Euskal Herria Museoa, Arkeologi Museoa, Bermeoko Arrantzaleen Museoa, Muskizko El Pobal burdinolea, Balmasedako La Encartada fabrika-museoa, Bakioko Txakolingunea, Euskerearen Etxea, Santimamiñeko kobea eta Muñatones gaztelua.

Ordutegiak ohikoak izango dira, Rekalde eta Ondare aretoetan izan ezik. Ordutegi jarraituan edegiko ditue horreek biak, 11:00etatik 18:30era.

Bizkaiko ganerako museo gehienak be bisitau leitekez. Esate baterako, Bilboko Guggenheim eta Arte Eder museoak hilaren 1etik dagoz zabalik, Durangoko Arte eta Historia Museoa 2tik eta Athletic Clubena astegoienetik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu