Badator Artez Blai Arte Eszenikoen Nazioarteko XIII. Ikerketa Saria

Bizkaie! 2020-06-09 09:25   Kulturea

Lanak aurkezteko epea 2020ko irailaren 27ra arte egongo da zabalik.

Artez Blai kultur alkartearen helburua da arte eszenikoen praktikan bat datozen fenomeno guztiak ikertu eta aztertzea eta, esangura horretan, Artez Blai Artearen gaineko Ikerketarako Nazinoarteko Saria iragarri dau. 

Sari honetan edozein egilek hartu leike parte, ikerketa, azterketa, hausnarketa teoriko zein saiakera edo praktika-proposamenak modu kritikoan agertutako testuak edota doktoretza-tesiak aurkeztuz, betibe Arte Eszenikoei lotuta, hau da, genero eta estilo guztietako antzerkia; jantzak, bere adierazpide zabalena aintzat hartuz; zirkua, magia zein beste edozein arte performatibo. Lanak kudeaketa, teknika edota arlo artistikoari buruzkoak izan daitekez.

Egileek nahi beste testu aurkeztu leikiez, norbanaka zein beste egileren baten laguntzaz eginikoak. Lanak euskeraz edota gaztelaniaz idatzitakoak, originalak, edozein euskarritan argitaratu bakoak (ez zatika, ezta osorik be) eta argitaratzeko konpromisorik bakoak izan behar dute. Doktore tesien kasuan, unibersidadeen biltegi digitaletan badagoz, argi adierazo beharko da. Lanen gaia librea izango da eta luzereari jagokonez, gitxienez 175.000 eta gehienez 450.000 karaktere izan behar dabe (espazioak be kontuan hartuta).

Lanak edozein euskarri digitaletan aurkeztu daitekez (izenburuagaz baina egile edo egileen daturik barik), eta artxibo bigaz:

- Kurrikulum bat: datu personalakaz (izen eta abizenak, helbidea, jaioteguna eta jaioterria, telefonoa eta eposta), ibilbide akademiko eta profesionalagaz, eta aurkeztutako lanaren sinopsiagaz (10 lerro inguru).

- Sinatutako aUtorpen bat, lana argitaratu bakoa, beste sariren baten erabagiaren zain ez dagoala, argitaratzeko konpromisorik ez dauela eta egileak eskubide guztiak dituala egiaztatzen dauena.

Kontrakoa adierazoten ez badabe, Sariaren antolakuntzeak parte-hartzaileen datu personalak erabiliko ditu Sariari buruzko informazinoa zabaltzeko.

Kontuak kontu, lanak aurkezteko epea 2020ko irailaren 27an amaituko da.

Lanak posta elektroniko bidez bialdu behar dira artez@artezblai.com helbidera eta Artez Blai Arte Eszenikoen Nazinoarteko XIII. Ikerketa Saria aitatu behar da epostan.

Irabazten dauen lana Artezblai Argitaletxearen Teoria eta Praktika bilduman argitaratuko da.

Irabazlea 2021eko urtarrilean jakinarazoko da www.artezblai.com egunkari digitalean, sare sozialetan eta komunikabideetan. Irabazleak argitaletxeari emongo deutsoz argitaratze eskubideak eta irabazien % 10 jasoko dau.

Epaimahaia gitxienez hiru eta gehienez bost espezialistez osotuko da, Artez Blai Kultur Alkarteko zuzendaritza taldeko kideren bat idazkari dala. Erabagia apelaezina izango da.

Artez Blai Arte Eszenikoen Nazinoarteko XIII. Ikerketa Sarian parte hartzeak oinarri guztiak onartzea dakar.

Azken buruan, oinarri honeetan aurreikusi ez dan edozein gai epaimahaiak eta bere idazkaritzeak argitu eta hurrengo deialdietan jasoko da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu