'Arnasa' instalazinoa ipini dau Maider Lopezek Arte Eder Museoan

Bizkaie! 2020-06-04 13:53   Kulturea

Obrearen eta eraikinaren arteko loturea sortu dau artista donostiarrak.

'Arnasa', museoaren kanpoaldetik ikusita (argazkia: Bilboko Arte Eder Museoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Covid-19ak behartutako etenaldiaren ostean, Bilboko Arte Eder Museoa barriro zabalik dago, eta Obra Gonbidatua programeari jagokon pieza barria aurkeztu dau. Normalean, beste museo edo bilduma batetik Bilbora behin-behinean ekarten dituen piezak erakusten ditue atal horretan, baina, oraingoan, Maider Lopez artista donostiarrari enkarguz eskatutako obrea ipini dabe, Arnasa izenekoa. Obra Gonbidatua programea martxan dagoan 19 urteotan, lehenengo aldiz eskatu deutsie artista bati beren-beregi sortzeko artelan bat.

Arte Eder Museoko eraikinagaz eta gaur egun bizi dogun egoereagaz lotutako piezea da Arnasa, museoaren kanpotik be ikusten dan argi-instalazino ikusgarria. Covid-19agaitik museoak zarratuta egon diran bitartean, barrutik bizi-bizirik segidu dabe, eta obra honen bidez bizitasun hori agirian itxi nahi dau Lopezek. Museoek gizartean beteten daben zereginaren inguruko gogoetea eragitea be bilatzen dau.

Instalazinoaren argien intensidadea eta aldakortasuna arnasearen erritmoan mobiduko dira. Horri esker, zarratuta dagoanean be, museoak zelanbait arnasea hartzen segiduko dau, eraikin bizia balitz lez. Kaletik ikusteko pieza bat da, museoari kanpotik begitu eta urian txertatzeko, azaldu dau Maider Lopez sortzaileak. Izan be, areto guztietako argiak biztu eta amatatzen dira aldi berean, eraikina izaki bat eta bakarraren pareko bihurtzeko asmoz.

Miguel Zugaza museoko zuzendariagaz batera egin dau agerraldia Maider Lopezek, eta ekitaldian izan dira, ganera, Konserbazino eta Ikerketa saileko koordinatzaile Javier Novo eta Santander Fundazinoko ordezkari Gabriel Zabala. Azken erakunde hori Obra Gonbidatua programearen babesle nagusia da.

Udan egunero egongo da martxan Arnasa instalazinoa, ilunabarretik goizaldeko 02:00ak arte. Beraz, museoan jenterik ez dagoan bitartean be, eraikina ez da geldirik egongo, eta kanpotik ikusteko artelana eskainiko deutse ingurutik pasetan diran guztiei. Sorkuntza efimeroa da, eta bideo eta argazki bidez dokumentauko dabe.

Maider Lopez (Donostia, 1975) Arte Ederretan lizentziaduna da (EHU) eta Londresko Chelsea College of Arts zentro entzutetsuan egin eban graduondokoa. Arkitektureagaz eta eremu publikoagaz lotuta dagoz bere artelan gehienak, ikusleari egunerokoa begitzeko modu barriak aurkeztuz.

Azoka eta topaketa garrantzitsuetan ikusi ahal izan da Lopezen lana: Veneziako Biurtekoan, Xarjahen eta Istanbulen, besteak beste. Erakusketak ipini ditu Donostiako Koldo Mitxelenan, Bilboko Guggenheim Museoan, Madrilen, Frantzian, Zelanda Barrian... Gaur egungo euskal artisten artean, nazinoartean ibilbiderik oparoena dauenetako bat da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu