'Open Itinera FIG Bilbao' erakusketa birtuala ikusgai Zelaieta Zentroan

Bizkaie! 2020-06-04 08:44   Kulturea

Zornotzako erakusketa ibiltariak 31 artistaren lanak batzen ditu. 

Amorebieta-Etxanoko Udaleko Zelaieta Zentroak gero eta indar handiagoa hartzen dagoan grafikoari buruzko Open Itinera FIG Bilbao erakusketa birtuala inaugurau dau. Erakusketea Amorebieta-Etxanoko zentro honen online erakusketa gelan ikusgai egongo da eta estaduko eta nazinoarteko 31 artista hasibarrien lanak batuko ditu, Papel gaineko Grabadu eta Artearen Nazinoarteko Jaialdiak sustatzen dauen Open Portfolio lehiaketan aukeratuak.

Erakusketea ibiltaria da eta honen helburua arte garaikidea sustatzea, batez be grabadua eta Bizkaian honen zabalkundea egin, hainbat herritako erakusketa gela eta kultur etxeen bidez. Erakusketea orain Amorebieta-Etxanoko Zelaieta Zentroan egongo da eta hain zuzen be bagilean, hile osoan.

FIG Bilbao herritarrei hurreratzen jake modu didaktiko eta personalizatuan, erakusketeagaz batera lehiaketako zuzendariaren, David Arteagagoitiaren, bisita gidatu bategaz. Honek, erakusketan dagozan lanak oinarri hartuta, ibilbide bat egingo dau, sortzaileen lana hobeto ezagutzeko. Ekimen honetan erakusketako hainbat artistek be parte hartzu eta bideo laburrak bialdu ditue, tailerretan zelan lan egiten daben azalduz; hain zuzen be hori da Víctor Ríosek egin dauena: bideo didaktiko bat atondu dau grabaduaren oinarrizko teknikak azalduz.

Open Itinerak ondokoen lanak batzen ditu: Alba Lorente (Zaragoza), Alejandro Pérez Clotilde (Granada), Andrea Alonso (Kantabria), Beata Filipowicz (Polonia), Carlos Ramírez Zorromono (Errioxa), Celia Márquez Guerrero (Mallorca), Claudio Lorenzo (Durango), Concha Ruesga (Huesca), Dorota Ziólkowska (Polonia), Elena Carrasco (Cuenca), Irati Torre (Bilbo), Isabel Carralero (Madril), Jakub Honetschläger (Txekia), Jesús Mateo Brea (Cáceres), Juanjo Ortubia (Bizkaia), Julia R. Gallego (Madril), Lorenzo Davitti (Italia), Lucía Moya (Castelló), Maite Pinto (Bilbo), Manuel Prados Ledantes (León), Manuel Solís (Mexiko), María Luisa Estrada (Mexiko), Martha Muñoz Aristizabal (Mexiko), Ming yi Chou (Taiwan), Omer Zaballa (Bilbo), Paula Huarte (Nafarroa), Radoslav Kirilov (Bulgaria), Raquel Serrano (Huelva), Sofía Neves (Portugal), Triana Parera (Mexiko) eta Víctor Ríos (Mexiko).


FIG Bilbao

FIG Bilbao papel gaineko grabadu eta artearen nazinoarteko hitzordu garrantzitsua da. Bederatzigarren edizinoa zemendiaren 19tik 22ra egingo da Bilboko Euskalduna Jauregian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu