'Bertatik Bertara 2020' programan proiektuak aurkezteko epea zabalik

Bizkaie! 2020-06-02 13:29   Kulturea

Eskabideak bagilaren 25era bialdu behar dira info@santandercreativa.com helbidera.

Santander-eko eta Bilboko udalek sustatutako ekimen honen barruan, uri bietako agenteek batera aurkeztutako lau proposamen aukeratuko dira. Programak 40.000 euro jarriko ditu guztira, 10.000 proiektuko eta erakunde bakotxak 20.000 euro emongo ditu. Deialdiko dokumentazio guztia eskuragarri dago www.santandercreativa.com webgunean.

Santanderreko eta Bilboko kultura-sektorekoek euren proiektuak aurkeztu ahal izango ditue uri bietako udalek sustatutako Bertatik Bertara 2020 laguntza-programan, hilaren 1etik 25era. Deialdiaren epeak, COVID-19aren krisiak etenda egon ondoren, barriro ezarri dira, Ministroen Kontseiluaren 463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarria indarbakotu ondoren. Zehatz esateko, laguntzak eskatzeko epea bagilaren 1etik 25era bitartean izango da eta interesa daben kultur eragileek proposamenak gaztelaniaz edo euskeraz bialdu ahal izango ditue. Eskaria egiteko eredu digitala www.santandercreativa.com webgunean dago eta bertan dagoz programearen oinarriak be.

Lau proiektu hautatuko dira eta bakotxari 10.000 euroko aurrekontua emongo jako. Uri bakotxak lau ekimen horreetako bi diruz lagundu eta jorratuko ditu eta, danak be, uri batean edo bestean gauzatuko dira, bakotxaren kultur programazinoari erantsita; uri bietarako jarduerak atontzen dituenak lehenetsiko dira.

Kultur proiektuak barritzaileak izan beharko dira eta uri bietako kultur agenteen alkarren arteko lanaren emoitzea. Ekimenotan nahitaezkoa izango da uri bien arteko lan hartu-emonak eta sareak sortzea eta eratzea eta uriburu bietako kultur eskaintzea aberastea.

2012an, Santanderko eta Bilboko udalek lankidetza-hitzarmen bat sinatu eben, alkarregaz kultur ekimenak bultzatzeko eta akordio horren emoitzea da Bertatik Bertara programea; horren bidez, lau kultur proiektu jorratuko dira uri bateko edo besteko kultur edo sorkuntza sektoreko erakundeek sustatuta.

Finantziazinoari jagokonez, 40.000 euro jarri dabe erdibana Bilboko Udalak -Kultura Sailaren bidez- eta Santanderreko Udalak -Santander Creativa (FSC) Fundazinoaren bidez-.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu