Etenaldiaren ostean, Bizkaiko museoak ateak zabaltzen hasiko dira
2020-06-01 10:15 KultureaBilboko Guggenheim, Arte Eder Museoak eta Azkuna Zentroak gaur, hilak 1, zabalduko ditue ateak.
Gaur bertan zabalduko ditue ateak ordutegi murriztuagaz: Guggenheim 14:00etatik 19:00etara eta Arte Eder Museoa 11:00etatik 19:00etara. Ohikoa izango da bisitariei sarreran tenperaturea neurtzea, erakusketak ikusteko derrigorrezko ibilbideak jarraitzea beste bisitariakaz nahastea ebitetako; bisitariek eta langileek maskarak jarri beharko ditue eta gela guztietan jagoleak egongo dira personen arteko segurtasuneko metro 2ko distantzia errespetauta. Arte Eder Museoak, gainera, 5 euroko tarifa berezia ezarri dau eta, ondorioz, ohiko sarrerak % 50 merkeago salduko ditu lehen aste honeetan, hile bi eta erdi zarratuta egon ostean bisitak bultzatzeko.
Azkuna Zentroak faseka zabalduko ditu ateak bagilaren 1etik aurrera (bagilaren 1etik 15era, Steve Paxton: Drafting Interior Techniques erakusketea izango da ikusgai).
Bilboko Itsasmuseumek bagilaren 2an zabalduko ditu ateak, baita Enkarterriko Museoak, Eleiz Artearen Museoak, Euskal Herriko Megaintza Museoak, Durangoko Arte eta Historia Museoak, Orozkoko Museoak eta Simon Bolivar Museoak be.
Euskal Museoak eta Bilboko Berreginen Museoak, barriz, bagilaren 3an (Sartzea doban bagilean).
Bizkaiko ganerako museoei jagokenez, bagilaren 9an zabaltzekotan dira Bilboko Ondare Aretoa, Rekalde Aretoa, Aste Santuko Pausuen Museoa zein Museo Arkeologikoa; Bermeoko Arrantzaleen Museoa, Gernikako Euskal Herria Museoa, Muskizeko El Pobal, Balmasedako La Encartada eta Bakioko Txakolingunea.
Era berean, Santimamiñe eta Muñatones Gaztelua be bailaren 9an hasiko dira martxan.
Beste alde batetik, bagilaren 11n zabalduko ditue Balmasedako Pasino Biziaren Interpretazino Zentroak eta Historia Museoak. Egun bi aurrerago, Plasentiako Museoak zabalduko ditu ateak eta 15ean, barriz, Industriaren Museoak.
Oraingoz, Euskal Nazionalismoaren Museoa eta Medikuntzearen Historia Museoak zarratuta egongo dira.
Azken buruan, Araba eta Gipuzkoako museoei jagokenez, Gasteizeko Artiumek, bagilaren 2an zabalduko ditu ateak martitzenetik barikura 13:00etatik 19:00etara, eta zapatuetan eta domekatan 12:00etatik 19:00etara. Gainera, eguaztenetan eta domeketan Zeuk erabagi” tarifea aplikauko dabe eta doban sartzeko aukerea izango da.
Gipuzkoan, San Telmo Museoak be martitzene zabalduko ditu ateak 11:00etatik 12:00etara, Koldobika Jauregi artistearen ekitaldi berezi bategaz. Martitzen eta eta domeka arratsaldetan sarrerak dboan izango dira 16:00etatik aurrera.
Getariako Balenciaga Museoa be martitzenean zabalduko dabe baina edukiera % 50era mugatuta. egongo da eta sarrera ordu-tarteetan antolatuko da. Sarrerak internet bidez erosteko gomendioa egin dabe eta tarifa guztietan % 15eko deskontua izango da.
Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatzen dituan beste museoak, hau da, Euskal Itsas Museoa, Igartubeiti Baserria eta Zumalakarregi Museoa martitzenean edegiko ditue. Koldo Mitxelena zentroak, barriz, jarduerea mailaka berreskuratzen jarraituko dau eta astelehen honetan liburu-maileguen zerbitzua abian jarriko dau barriro.
Tabakalera, Kultura Garaikidearen Nazinoarteko Zentroak bagilaren 1ean zabalduko dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!