Mañariko Hontza Museoa, astelehenetik zabalik
2020-05-29 09:07 KultureaSegurtasun neurri ugari bete beharko ditue bisitariek.
Pandemiaren zabalkunderik handiena pasauta, pixkanaka barriro edegiten hasi dira Bizkaiko museoak. Bagilaren 1a aukeratu dabe askok eta askok bisitariak hartzen hasteko, egunotan aurreratu dabenez. Mañariko Hontza Museoa be egun horretan bueltauko da.
Momentuz, goizeko 11:00etatik 13:00etara eta arratsaldeko 17:00etatik 19:00etara egongo da zabalik Hontza Museoa, eta aurretik hitzordua eskatu beharko da. Bisitaldi gidatua egin nahi dabenek beste ordutegi bat adostu ahal izango dabe, ohiko bisitarienaz aparte. Informazino gehiagorako 618 68 67 36 telefono zenbakira deitu behar da.
Osasuna jagoteko erispide ugari bete beharko ditue bisitariek: Maskara jaztea, bakarrik edo talde txikietan joatea eta beste bisitariakandik gitxienez metro biko tartea gordetea. Harrera gunetik sartu behar da eraikinera, eta hor tenperaturea neurtuko deutse guztiei. Bisitea amaituta, goiko solairutik urten beharko da.
Natur Zientzien arloko museoa da Hontza, bost kontinentetatik ekarritako 43.000 ale inguru gordeten ditu: Animaliak disekauta, hazurrak, fosilak, landarak, fenomeno naturalen aztarnak... hori guztia modu didaktiko eta atsegin baten azaldua. Naturearen aberastasuna gizarteratzea da museoaren helburua, berau defendiduteko kontzientzia zabaltzeko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!