Antzokien Sareko espazioetan 500 emonaldi egingo dira urtea amaitu bitartean

Bizkaie! 2019-10-03 12:02   Kulturea

Euskal Autonomia Erkidegoko 63 antzokitara helduko dira ikuskizunak.

Getxon egin dabe agerraldia Jaurlaritzako eta Sareko kideek (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Sarea proiektuaren arte eszenikoen denporaldi barria aurkezteko agerraldia egin dabe gaur Getxoko Muxikebarri aretoan, urte amaierara arteko epeko datuak emoteko hain zuzen. Bertan izan dira Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua, Amaia Agirre Getxoko alkatea eta Sareko kide bi: Nekane Basterretxea koordinatzailea eta Ana López zuzendaritza kontseiluko kidea.

2019ko azken hiru hileotan, arte eszenikoetako 500 bat emonaldi egongo dirala aurreratu dabe, 150 konpainiaren eskutik. Gehienbat, euskal konpainiak izango dira, baina kanpotik etorritako ikuskizun batzuk be programau ditue. Ikusleakandik hur dagoz Sareko antzokiak: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 63 espazio dira.

Ikuskizunen ia erdiak (220) helduentzako antzezlanak izango dira, lauren bat (130) saio musikal edo lirikoak eta umeentzako aproposak izango dira beste ehun emonaldi inguru. Azkenik, 50 jantza ikuskizun be badagoz egitarauan. Hizkuntzeari jagokonez, euskerazkoak % 30 bat izango dira.

Euskal konpainia nagusien birak hartuko ditue Sareko antzokiek, Getxon egindako aurkezpenean azaldu dabenez. Aitagarrienen artean, honeek nabarmendu ditue: Zaldi urdina (Artedrama), Gauekoak (Kukai), Simplicissimus (Tartean), Mari Errauskin (Glu Glu), Hansel eta Gretel (Borobil) eta Otsoa (Larrua).

Aurreko denporaldiko bireagaz segiduko dabe Xake, Ertza eta Kukai konpainiek. Azkenik, kanpotik etorritako sortzaileek be lekua izango dabe: Sol Picó, Yllana, Kamikaze, Giramagic... dagoz programazinoan.

Sarea proiektu eredugarria da eta erakutsi deusku zelan jardun behar daben gure espazio eszenikoek: sarean eta alkarlanean, adierazo dau Bingen Zupiriak. Urtea amaitu bitartean eskainiko diran 500 ikuskizunek gure antzokien gaitasuna eta gure arte eszenikoen dinamismoa islatzen dabe, eskaintza bikaina dabe, eta ziur gagoz herritar guztiek topau ahal izango dituela gustuko erreferentziak, etxetik oso hur.

Webgune barria

Sareak webgune barria dauka, eta herritarrek informazino zabala topau leikie euskal arte eszenikoei buruz eta Sareako 63 espazio eszenikoen eskaintzeari buruz. Agenda atala Kulturklik-egaz koordinauta dago, antzerki, jantza eta musika programazino guztia herritarren eskura jarteko. Ganera, bilaketak egin leitekez udalerriaren, fetxearen, generoaren edo hizkuntzearen arabera.

Ikuskizunak atalean, tresna erabilgarri bi dagoz. Batetik, euskal eskaintza eszenikoaren katalogoa, ikuskizun bakotxaren datu nagusiak fitxetan topetako. Bestetik, ikuskizun gomendatuen zerrendea, Sareko adituek aukeratutako obra batzuen erreferentziakaz.

Beste atal honeek be baditu webguneak: Konpainien direktorioa, antzokien direktorioa, albisteak eta Sarearen inguruko datu jakingarriak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu