Katixa Agirregaz berbetan, Bidebarrieta liburutegian
2019-10-01 12:19 KultureaXXI. mendeko emakume idazleak zikloko konbidadua izango da eguenean.
Narratiba garaikideari eskainitako XXI. mendeko emakume idazleak zikloaren hurrengo hitzordua hilaren 3an, eguena, izango da, Bilboko Udalak jakitera emon dauenez. Betiko legez, Bidebarrieta liburutegian egingo dabe topaketea, eta konbidadua Katixa Agirre izango da.
Saioa arratsaldeko 19:30ean hasiko da, eta sartzea libre izango da. Bidebarrietara joan ezin dauenak, streaming bidez ikusi eta entzun ahal izango ditu Katixa Agirreren berbak, hemen.
Katixa Agirre gasteiztarra Ikus-entzunezko Komunikazinoan doktorea da, eta EHUn irakaslea. Sua falta zaigu (2007) eta Habitat (2009) ipuin bilduma ezagunak argitaratu zituan. Umeentzako literaturan be lan egindakoa da, eta artikuluak idatzi izan ditu egunkari eta aldizkarietan.
Lehenengo nobelea 2015ean argitaratu eban, Atertu arte itxaron. 111 Akademiaren saria irabazi eban road novel horri esker. Amek ez dute da orain arteko azken eleberria, igaz plazaratutakoa. Azken urteetako euskerazko literaturako autore esanguratsuenetako bat da Agirre, eta beste hizkuntza batzuetara be itzuli dira haren liburuak.
XXI. mendeko emakume idazleak zikloa 2017an sortu eben, narratibearen alorrean arrakastea daben emakume idazleak publikoari hurreratzeko asmoz. Idoia Jauregi kazetaria da aurkezlea. Euskerazko zein gaztelaniazko saioak egoten dira. Katixa Agirrerena euskeraz izango da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!