Miren Azkarate da UPV/EHUko Euskera Institutuko zuzendari barria

Bizkaie! 2019-09-27 11:49   Kulturea

Pello Salaburu ordezkatuko dau UPV/EHUko Euskal Filologiako katedradunak.

UPV/EHUko Euskal Filologiako katedradun Miren Azkarate Villar izango da Euskera Institutuko zuzendari barria. Oraintsu erretiroa hartu dauen Pello Salaburu, 2003tik institutuko zuzendari izan dana, ordezkatuko dau irakasle donostiarrak.

Euskara Institutuak euskal hizkuntzea aztertzea dau helburu, besteak beste, gramatikea, lexikoa, gizartearen esparruan egiten dan erabilera eta terminologia zientifikoa. Euskera Institutuak sarean eskaintzen ditu XXI. mendeko euskereari jagokozan datu base moderno eta handienak (gramatikak, corpusak, hiztegiak...). Ekimenen artean nabarmendu daitekez Sareko Euskal Gramatikea, lehenengo gramatika modernoa eta entziklopedia be badana, interneten bidez konsultau daitekeena, eta etenbarik gaurkotzen dana; corpusak, hau da, euskerearen erabilerearen benetako adibideak, gaur egun argitaratutako liburu eta prensatik batutakoak, eta Egungo Euskerearen Hiztegia.


Bilboko Bizkaia Aretoan dau egoitzea Euskera Institutuak

Poza, ohorea eta erronkea, sentimendu horreek guztiak batera ditut barruan izendapena jaso ostean. Poza eta ohorea, zelan ez, Pello Salaburu ordezkatzeko nigan pentsau izanagaitik. Baina baita erronkea be, eta ez edozelakoa. Hamabost urte luzeko ibilbidean baliabide aberats eta askotarikoak garatu ditu Euskera Institutuak. Horreetako batzuk osotu beharko dira eta beste batzuk amaitutzat emon daitekez. Eta, batez be, nahitaezkoa da gogoetea egitea Institutuko kideakaz, Zuzendaritzako kideakaz batera, ingurune digitalak eskaintzen dituan aukerak hain azkar aldatzen doazen garaiotan, zein proiektu muetari heldu behar deutsagun hurrengo urteetan. Gogotsu ekingo deutsagu guztiok gogoeteari, etorkizunean be gaur dauen bikaintasunari eutsi deiotson Euskera Institutuak, adierazo dau zuzendari barriak.


Miren Azkarate

Miren Azkarate Villar (Donostia, 1955) 1977an Filologia Erromanikoan lizentziau zan. 1988an, Koldo Mitxelenak eta Ibon Sarasolak zuzenduta, doktorego tesia irakurri eban euskerazko berba alkartuez UPV/EHUn. Ordudanik UPV/EHUko Euskal Filologiako irakaslea da.

Unibersidadearen administrazinoan hainbat kargu bete ditu: dekanorde (1992-1995), Euskera batzordekide (1993-1997), Euskaltzaindiako batzordekide (1989-2000), Euskera errektoreorde (1996-1997), uda ikastaroetako kontseilukide (1996-1997) eta Irakasleen errektoreorde (1997-1999).

Euskal morfologian eta lexikologian aditua da, eta lan eta ikerketa asko argitaratu ditu gai horreen inguruan. Euskaltzain osoaren kategoria hartu eban lehen emakumea izan zan, 1992an. Euskaltzaindian Jagon sailburu (1995-2000) legez izandako ardurez gan, gramatikan (EGLU bildumea, 1985-2011) eta 1986tik hiztegigintzan (LEF, Hiztegi Batua) egin dau bere lana.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzan be karguak izan ditu: Kultura sailburu (2001-2009) eta bozeroailea (2004-2009) izan da. 2011tik 2018ra Donostiako Udaleko zinegotzi izan da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu