'Politikoki (ez) zuzena' erakusketea aurkeztu dabe

Bizkaie! 2019-06-12 13:48   Kulturea

Bilbao Bizkaia Harro eta Bilbao Historikok atondutako erakusketea hilaren 28ra arte egongo da ikusgai.

Gure ustez, gorputza tresna hobezina da gutako bakotxa dan modukoa erakusteko, zuzenean eta zintzotasunez komuniketako, izan be, Artearen Historiak holan erakutsi deusku, sasoian-sasoian ezarritako moldeak astindu eta asaldatu zituen ehunka artistaren bitartez.

Gorputza adierazpen politiko legez izeneko erakusketearen ardatza aurkeztu deuskue Clara Fuster Pastor eta Elena Gómez Menéndezek, erakusketearen komisarioek. Erakusketea bagilaren 12tik 28ra izango da ikusgai Bizkaiko Batzar Nagusien Bilboko egoitzan (Hurtado Ametzaga 6), eta Expogelan, hau da, Bilbao Historiko alkartearen erakusketa aretoan (San Frantzisko 32).

Erakusketa hau Bilbao Bizkaia Harro 2019 ekimenaren barruan antolatuko da. Bilbao Bizkaia Harro aldarrikapen-ekimena da, gizarteari eta kultureari atxikitakoa, eta helburu behinena dauka LGBTiQ+ personak ikusarazo eta horreen eskubideen alde egitea. Holan, Bilbao Bizkaia Harro eta Bilbao Historiko alkarteak antolatutako erakusketa honek argi erakusten deusku artea aldarrikatzeko tresna ezin hobea dala. esangura horretan, erakusketearen helburua da kolektibo biren izana azaleratzea eta horreen ahotsa entzuteko aukerea emotea. Erakusketea, beraz, aitatutako gizataldeen adierazpidea da, gorputza arma politiko lez erabiliz, nork bere buruari eta inguruko munduari buruzko ikuspegia erakusteko: emakumeak, migratzaileak, aniztasun funtzionaleko lagunak, transexualak, persona ez-binarioak, Drag Queen edo Drag King diralakoak. Askotan, esandako kolektiboetako kideen ideak aldrebesten diralako gorputzen estandarizazinoa bilatzen dauen gizartearen eraginez.

Ondoko guztiak ditugu erakusketearen sustatzaile eta laguntzaileak: Bizkaiko Batzar Nagusiak (Bilbao Bizkaia Harro ekimenaren aurreko edizinoetan be babestu dabe proiektua eta egoitzea eskaini dabe arte-erakusketak egiteko), San Frantzisko, Bilbo Zaharra eta Zabalako Merkatari eta Enpresen Alkartea, Fekoor (Gitxitasun fisikoa eta/edo organikoa daben Bizkaiko personen Koordinazino Federazinoa), Euskaltzaindia eta Ortzadar LGBT Alkartea.

Santas Domingas, Eduardo Gaviña, Sheila González Azcona, Aitane Goñi, Helena Goñi, Gui Martins, Alberto Taranco, Anca Petrei, Medea Pola, Denissa Szidorak eta Ritha Thende Mindonga artisten lanek osotzen dabe erakusketa hau. Lan horreetan guztietan, aldarrikapena, probokazinoa eta edertasuna buztartzen dira.

Ingurumari horretan, erakusketearen izenburuaren berba-jokoari erreparauta, azpimarratu behar da ezer ez dala zuzena edo (ez) zuzena; kontzeptuok aldakorrak dira, gizartearen pentsamoldearen eta moraltasunaren, ohituren edo gizabanakoen sentiberatasunaren arabera.

Hau ez da, ostera, Bilbao Bizkaia Harro ekimenak artearen inguruan antolatu dauen jarduera bakarra, izan be, gazte talentudunen hamaika erakusketaz gozetako aukerea izango da Bilboko hainbat lekutan eta, gainera, omenaldia egingo jako Ignacio Goitia artisteari Euskal Museoan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu