Markina-Xemeineko Bera Kruz Ikastoleak Urban Race lasterketea atondu dau

Bizkaie! 2019-06-10 13:47   Kulturea

Hitzordua bagilaren 15ean izango da.



BeraKruz Ikastolako DBH2ko ikasleak Greenpower IBERIA1 izeneko alkarte batek sortutako auto elektrikoen KIDSKITCAR proiektuaren barruan parte hartzen dabiz, F24 kategoriako autoakaz. Ume eta gazteen artean trebetasun teknikoak garatzea helburu dauen proiektu honetan, ikasleek autoak diseinau eta eregiten ditue, gero, hainbat lasterketetan parte hartzeko. Horrezaz gan, lasterketa egunean talde bakotxak bere proiektuak aurkeztu behar izaten ditu epaimahai baten aurrean, eta aurkezpen horreek ingelesez egiten dira.

Proiektu honen ardatzetako bat alkarlana da, holan, ikasle, irakasle eta gurasoek proiektuan parte hartzen dabe STEAM konpetentziak (zientzia, teknologia, injinerutzea, artea eta matematikea), ingurumenagazko kontzientzia eta talde-lana buztartuz. Bestalde, enpresetan eskatzen diran konpetentziak lantzen ditue: sormena, komunikazinoa, inplikazinoa, lidergotza, talde lana eta bestelakoak, izan be, proiektua aurrera eroan ahal izateko, ikasleek finantziazinoa bilatu behar izan dabe eskualdeko enpresa eta erakundeetan. Marketinaren arloa be landu dabe proiektu honen bitartez, ikasleak izan baitira taldeen logotipoak, kamiseten diseinua eta karrozeriaren diseinua sortu dituenak.

BeraKruz Ikastoleak hezkuntza barritzaile eta eguneratu bat eskaintzeko egiten dauen ahaleginean, proiektu honen aldeko apustua egin dau 2018-2019 ikasturte honetan. Ikasleak etorkizunera begira ondo trebatu eta lan-munduko errealidadea hobeto ezagutzeko, gai desbardinak ulertu eta jorratu ditue: injinerutzearen funtzionamendua beste era batera ikasita, industria eta komunidade proiektu batean alkarlanean lan egiteko bideak eta ezagutzak ikasi ditue.

Bagilaren 1ean, Los Arcos-eko Nafarroako Zirkuituan lehiatu ziran lehen aldiz BeraKruz ikastolako kideak, eta 3 sarigaz bueltau ziran etxera. Sariak kategoria ezbardinetan banatzen dira: lasterketako irabazleak, proiektu onena aurkezten dabenak eta sari bereziak. BeraKruz Ikastolearen kasuan, proiektu onenaren atalean lehen eta hirugarren saria eskuratu eben gazteek. Horrezaz gan, Spirit of Greenpower kontzientzia, etika eta kiroltasuna saritzen dituan aitamen berezia be eskuratu eben.


Berakruz Urban Race, bagilaren 15ean

BeraKruz Ikastoleak atondu dau lasterketea ikasle, irakasle, guraso eta enpresa/erakunde babesleen laguntzinoari esker. Lasterketea herrian bertan izango da eta urtekerea BeraKruz Ikastolan bertan izango da; Agustin Deuna kaletik gorantz joango dira eta Xemein etorbidea zeharkatuz, Ikastola aurretik igaroz barriro be ibilbidea egingo dabe auto elektrikoek.

Goizeko 9:30ean, lasterketan parte hartuko daben taldeen erregistroa egingo da. Parte hartuko daben taldeak ondokaok izango dira:

• Gaztelueta ikastetxeko 5 talde (Black Arrow, Alpha, Beta, Lambda eta Gamma).

• Jesuitinak ikastetxeko 2 talde (Red eta Green).

• Somorrostro ikastetxeko taldea (S15).

• GPZ talde independentea (guraso eta ikasle ohiakaz sortutako taldea).

• BeraKruzeko 2 talde (BKI Racing eta BK Speed Masters).

Danetara, 11 kotxe lehiatuko dira lasterketan. Goizeko 10:00etatik 11:30era autoen azterketa teknikoak egingo ditue, Tate eta Caixa bitartean jarriko dituen karpetan. Zelaiaren behekaldea be lasterketan zehar pit-stopak egiteko erabiliko dabe gidari eta taldeek. 11:30etik 12:15era, autoen errendimendu frogak egingo ditue pistan. 12:30ean, lasterketeari hasierea emongo deutsee, eta 14:00ak aldera amaituko da. Sariak emoteko ekitaldia 15:00etan hasiko da.
Lasterketak iraun bitartean, taldeek euren proiektuak aurkeztuko ditue ikastolan, injineruz osotutako epaimahai baten aurrean.

Gainera, Markina-Xemeingo zelai inguruetara hurreratzen diranek arkuen aurrean pit-stop challenge F24 autoen erruberak aldatzeko atondutako tailer bat be izango dabe, 11:00etatik 14:00etara.


Proiektuari buruzko informazino gehiago

Ikasleek proiektuaren nondik norakoen barri emoteko blog bi sortu ditue; hemen topauko dozue egitasmo honen inguruko hainbat informazino, ikasleek eurek azalduta: BKI RACING  eta BK Speed Master

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu