Europako Industria Ondarearen zerrendan sartu dabe La Encartada
2019-06-10 09:54 KultureaBalmasedako fabrikearen garrantzi historikoa eta balio turistikoa nabarmendu ditu ERIH erakundeak.
ERIH, European Route of Industrial Heritage, industria-ondarearen Europako alkarterik garrantzitsuenak, Balmasedako La Encartada fabrika-museoa bere zerrendan sartu dau, Anchor Point atalaren barruan, hau da, garrantzia historikodunak eta turismoa erakarteko aproposak diranen artean. ERIHko presidenteordeak eta hainbat batzordekidek museoa bisitau eta gero baieztau dau erakundeak kalifikazino hori emotea, Bizkaiko Foru Aldundiak azaldu dauenez.
Europako industria-ondarearen baliabiderik garrantzitsuenak eta interesgarrienak batu eta horreen arteko loturea egiten dau ERIHk: Erabilten ez diran produkzino-plantak, industria-paisaiak zein museo teknologiko interkatiboak hartzen ditu. Erakundea 1999an sortu zan, industria-ondarea marka turistiko lez autortzen dauen Europako sarea ezarteko asmoz.
Gaur egun, kontinente guztiko ehundazak leku dagoz ERIHren sarean. Besteak beste, ehun Anchor Point dagoz, La Encartada fabrika-museoaren kategoriakoak. Ibilbide tematikoak, biografiak, Europako industria-ondarearen deskribapen historikoak... dira beste kategoria batzuk. Bizkaiko gune asko lehendik egon dira zerrendan: Bizkaia Zubia, Bilboko Itsasmuseum, Larreinetako funikularra, Lekeitioko Marierrota eta Santa Katalina, Muskizko El Pobal burdinolea eta abar.
La Encartada 1892an zabaldu eben, txapelak, mantak, eskunarruak eta artilezko beste produktu ugari egiteko, eta ia ehun urtez egon zan martxan. Gaur egun, publikoari zabaldutako fabrika-museoa da. Sasoi bateko makinak ederto gorde dira, eta txapelak zelan egiten diran be azaltzen deutsie bisitariei. Hain zuzen be, fabrikea museo bihurtzeko prozesua nabarmendu dau ERIHk, baita konserbazino bikaina be.
Beste hainbat alor be txalotu ditu Europako erakunde horrek. Esate baterako, ikastetxe eta familientzako programa bereziak, aldi baterako ekitaldiak eta erakusketak... makinak martxan ikusteko aukerea egotea be funtsezkoa izan da ERIHren zerrendan sartu ahal izateko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!