XI. Bizkaidatz Sarietan parte hartzeko deia egin dabe
2019-06-07 12:24 KultureaSonia Gonzalezek hasitako istorioari amaierea idatzi behar deutsie euskerazko modalidadeko parte-hartzaileek.
Irakurzaletasuna eta sormen literarioa bultzatzeko asmoz, urtero antolatzen dau Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaidatz Saria. Aurten 11. edizinoa izango da, eta parte hartzeko baldintzak argitaratu ditue dagoeneko. Betiko legez, lehiaketearen funtsa idazle ezagun batek hasitako istorioa amaitzea izango da. Partaide bakotxak amaiera bat pentsauko dauenez, danetariko urtenbideak, estiloak eta sorpresak jaioko dira abiapuntu bakarretik.
Oraingo honetan be, modalidade bi egongo dira, euskerazkoa eta gaztelaniazkoa. Lehenengoan, Sonia Gonzalez Fernandez idazle barakaldarrak idatzi dau istorioaren hasierea, Karma izenekoa. Gaztelaniazko istorioa, ostera, Pedro Ugarte Tamayoren El propietario de las naranjas izango da. Edozein herritarrek hartu leike parte lehiaketan, nahi dauen modalidadean.
Muga askorik ez dagoan arren, istorioaren hasiereagaz koherentea dan jarraipena aurkeztu behar da, 12 eta 15 orrialde bitartekoa. Irailaren 19ra arteko epea dago. 16 urtetik gorakoentzako lehiaketea da, hortik beherakoentzat Bizkaidatz Txikia antolatzen dau Aldundiak, edade horretara egokitutako istorio eta sariakaz. Helduen deialdiaren kasuan, diru-sariak emoteaz aparte, istorio irabazleen bildumea argitaratzen dabe antolatzaileek.
Bizkaidatz Saria 2008an antolatu eben lehenengo aldiz, eta 11. edizinoa da aurtengoa. Orain arteko hamar aldietan, 22 egilek idatzi ditue istorioen hasierak (erdiak euskeraz, beste erdiak gaztelaniaz), eta parte-hartzaileek 449 kontakizun aurkeztu ditue.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!