Mikel Urdangarin eta Roberto Moso aurrez aurre

Bizkaie! 2019-06-07 10:48   Kulturea

Martitzenean, Bilboko Eztabaidak Literatureagaz zikloan hartuko dabe parte.

Euskal musikagintzako artista beterano eta ezagun bi alkartuko ditu Bilboko Bidebarrieta Kulturguneak martitzenean, hilak 11, Eztabaidak Literatureagaz zikloaren hurrengo saioan. Mikel Urdangarinek eta Roberto Mosok Literatura eta musika elkartzen direnean gaiaren inguruan egingo dabe berba, Goizalde Landabaso idazle eta kazetaria moderatzaile dala.

Mikel Urdangarin zornotzarrak 20 urte baino gehiago daroaz musikagintzan, gehienbat bakarlari. Literaturan oinarritutako edo idazleek idatzitako berbak sarri sartu izan ditu bere kantuetan, Kirmen Uribe lagun handiarenak, berbarako. 14 disko plazaratu ditu, eta oraintsu estreinautako Margolaria dokumentaleko protagonistea be bada.

Roberto Moso santurtziarra, ostera, Zarama taldeari esker egin zan ezagun. Bere sasoiko euskal musikearen abangoardian ibili eta gero, gaur egun literaturea eta kazetaritzea be lantzen ditu. Irrati eta telebista saio ugaritako testuak sortu ditu, eta fikzinozko liburuak be idatziak daukaz, gaztelaniaz.

Musikeak eta literatureak sarri egiten dabe bat, hainbat modutan. Esate baterako, idazle askok abestietako berbak idazten ditue musikarientzat. Bidebarrietako saioan hainbat alderditatik begiratuko deutsie gaiari: literatura lan baten eta bere musika konposizioaren arteko erlazinoa; literaturako testu batek abesti on bat bermatzen ete dauen ala lengoaia desbardinak diran; zer dan garrantzitsuagoa, musikea ala berbak; Bob Dylani Literaturako Nobel Saria eman eutsienean alor bien arteko mugak desagertu ete ziran; eta abar.

Saioa 19:30ean hasiko da, ekitaldi aretoan, eta sartzea libre izango da, leku guztiak bete arte behinik behin. Bidebarrieta Liburutegira joan ezin dauenak streaming bidez be segidu ahal izango dau barriketaldia, hemen.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu