Sarako Idazleen Biltzarra, Pazko astelehen eta martitzenean

Bizkaie! 2019-04-10 12:19   Kulturea

Bigarren eguna literaturako profesionalei zuzenduta egongo da.

Orain dala hiru urte inguru, aldaketak egiten hasi zan Sarako Idazleen Biltzarra, publiko gaztea erakarri eta sasoi barrietara egokitzeko. Besteak beste, egun bakarretik bira zabaldu eben hitzordua, Pazko astelehenari bezperako domekea gehituta. Aurtengo nobedadea zera izango da, domekan barik, martitzenean izango dala egun gehigarri hori. Apirilaren 22an eta 23an, beraz.

Antolatzaileek azaldu dabenez, Biltzarra egun bira luzatzea erabagi ona izan da, baina domekea ez dala egunik aproposena ikusi dabe. Horregaitik, aurten astelehen eta martitzenean egingo dabe, bigarren egun hori profesionalei begira antolatuta. Profesionalen zein irakurleen arteko hartu-emonak estutzea da Biltzarraren helburuetako bat, Ipar zein Hego Euskal Herrikoak.

Aurtengoa Sarako Idazleen Biltzarraren 36. edizinoa izango da. Euskerea zein euskal gaiak lantzen dituen argitaletxe, alkarte, erakunde, denda zein idazleen liburuak egongo dira erakusmahaietan: 125 egile, 27 argitaletxe eta 11 alkarte aurtengo edizinoan, antolatzaileen esanetan. Urterik urtera, gero eta euskerazko argitalpen gehiago egoten dira salgai, frantsesezkoak edo beste hizkuntza batzuetakoak be ugari egoten diran arren.

Liburu-aurkezpenak eta berbaldiak antolatuko ditue jarduera osogarrien artean. Ainize Madariagak, Asisko Urmenetak, Mixel Mendibourek, Joseba Aurkenerenak, Xamarrek eta abarrek aurkeztuko ditue euren nobedadeak. Itxaro Bordaren eta Severine Dabadieren lan elebidunaren barri be jentaurrean emongo dabe. Ekintza artistikoak zein umeentzako jarduerak be egongo dira.

Martitzenean, profesionalei zuzendutako egunean, gogoetarako eta trukerako aukerea egongo da. Goizeko 11:45ean, liburuzain, dendari, idazle, editore, irakasle eta halakoen arteko topaketea egongo da. Euskal Idazleen Alkartea aurkeztuko dau Garbine Ubedak eta XXI. mendeko euskal literaturearen inguruko berbaldia emongo dau Itziar Madinak. Arratsaldean, euskerazko irakurketea zelan bultzatu pentsauko dabe mahai-inguru baten Maider Bedaxagar, Peio d'Uhalt, Lierni Arizaga, Lucien Etxezaharreta eta Gilles Rivierek.

Euskaltzaindiaren argitalpenak

Betiko legez, Euskaltzaindiak hainbat liburu eta aldizkari eroango ditu Sarara, tartean hiru argitalpen barri: Janpierra Lexardoarteren bizitzea edo Basabürüaren trajeria batetik; bigarrenik, Le dauphin: 1757ko gutuneriari buruzko osagarriak eta gogoetak, othoi çato etcheraeta azkenik, Euskara Batua eta Ipar Euskal Herria (1964-2018) Kolokioaren agiriak.

Jean-Louis Davant eta Aurelia Arkotxa euskaltzainak, Sarako Idazleen Biltzarrean

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu