Harkaitz Cano eta Juanjo Olasagarre saritu ditu Espainiako kritikeak

Bizkaie! 2019-04-08 11:05   Kulturea

Fakirraren ahotsa eta Ia hemen lanek jaso dabe autortzea.

'Ia hemen', Juanjo Olasagarre | Ikusi handiago | Argazki originala



Espainiako Kritikearen Saria irabazi dabe Harkaitz Cano eta Juanjo Olasagarre idazleek: Fakirraren ahotsa (Susa) eleberriagaitik jaso dau saria Canok, eta Ia hemen (Pamiela) poesia liburuagaitik Olasagarrek. Nor bere generoan, lan biok igazko euskerazko libururik onenak dirala ebatzi dau Literatur Kritikarien Espainiako Alkarteak (AECL).

Lehen be beste bitan jaso dau Canok Espainiako kritikarien autortzea: Neguko zirkua (Susa, 2005) narrazino liburuagaitik saritu eben eta Twist (Susa, 2011) nobeleagaitik ondoren; ha idatzi eta zazpi urtera, igaz plazaratu eban Fakirraren ahotsa, Imanol Larzabal kantaria zanaren bizitzan oinarritutako fikzinoko kontakizuna.

Olasagarrek, barriz, Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatzen dauen Xabier Lete poesia saria irabazi eban 2017an, Ia hemen poesia liburuari esker. Igaz plazaratu eban lana, Pamielagaz, aurreko olerki bildumea, Puskak biziz (Susa, 2000) kaleratu eta hamazortzi urtera.

Literatur Kritikarien Espainiako Alkarteak 1956tik emoten ditu sariak, eta aurreko urtean narratiban eta poesian gehien nabarmendutako gaztelaniazko, euskerazko, galegozko eta katalanezko lanei autortzea egiten deutse. Aurten, gaztelaniazko literaturan, Antonio Soler, Sur eleberriagaitik eta Raquel Lanseros Matria olerki bildumeagaitik nabarmendu ditu.

Galegoz idatzitako igazko lan onenak, barriz, Antonio Loporen Extraodinario nobelea eta Pilar Pallaresen Tempo fósil poesia liburua izan dira, kritikarien alkartearen ustez. Eta katalanezko letretan Sergi Pamiesentzat izan da autortzea narratiban, L'art de portar gavardina eleberriagaitik, eta Enric Casassesentzat poesian, El nus desnudo/La Flor lanagaitik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu