Liburuen Nazioarteko Eguna apirilaren 12an, Artiumen

Bizkaie! 2019-04-05 12:40   Kulturea

Hirurogei museo eta kulturgune baino gehiago batu jakoz aurten Artiumen bookcrossing ekimenari.

Gasteizeko Artium Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoak herritar guztiak gonbidetan ditu aurten be Liburuen Nazinoarteko Eguna arteagaz eta kultureagaz lotutako testuen jentaurreko irakurraldi jarraitu bategaz gozau deien. Apirilaren 12an izango da, barikuan, 12:00etatik aurrera. Ganera, Museoak zenbait jarduera programau ditu egun horretarako, Argitalpen-proiektuak eta artista-liburuak izeneko liburu-erakusketea, ezusteko liburuen mailegua Liburutegian, liburuak askatzeko kanpaina bat eta, amaiera moduan, Anariren kontzertu bat. Museoak aurreratu egin dau Liburuen Egunaren ospakizuna, 23a Aste Santuko opor eguna izango dalako.

Liburuen Nazioarteko Egunaren ospakizunak Arte Eszenikoen Tailerraren, Arabako Bertsozale Alkartearen eta Korrika Kulturala ekimenaren laguntzinoa izango dau Artiumek. Artiumen eta Korrika Kulturalaren arteko lankidetzea Txillardegiren testuen irakurketeagaz mamituko da, izan be, Korrikaren 21. edizinoan idazle hori omenduko da, euskera batuaren sorreran izan eban garrantziagaitik, haren sorrerearen 50. urteurrena beteten dan honetan.

Lankidetza berezi horreez gan, irakurteko esperientziaren parte izan nahi daben persona guztien alkargune bihurtu nahi dira saio horreek. Parte hartu nahi izan ezkero, Museoko Liburutegiak hautatutako testuen artetik bat erabil daiteke, edota norberak bere gogokoa eroan leike, ahal dala artearen eta liburuakaz lotutakoa. Parte hartzeko komenigarria da bost minutu inguruko txanda bat aukeratzea 12:00ak eta 19:00ak bitartean, biblioteca@artium.org-era mezua bialdu eta harremanetarako telefonoa eta ordutegiari buruzko lehentasunak adierazota.

Aldi berean, irakurraldiak hastean zabalik geratuko dira Argitalpen-proiektuak eta artista-liburuak erakusketea (Mintegi aretoan, Artiumen Liburutegiaren ondoan). Artista garaikide ezagunen argitalpen-proiektuakaz lotutako eta oraintsu erositako funts bibliografikoen bilduma bat batu da erakusketan, Dora García, Irene Kopelman, Damián Ortega eta Isidoro Valcárcel-Medina artistenak, besteak beste.


Anariren kontzertua 

2019ko Liburuen Nazinoarteko Eguna ospatzeko Artiumen jarduera-programea 20:00etan amaituko da Anariren kontzertuagaz; kantari eta musikagile horrek oso hurreraketa personala egingo deutso literaturearen eta musikearen arteko lotureari, bere abestien iturri poetikoetan oinarrituta. 1997an, haren izeneko albumagaz hasi zanetik, Anarik bederatzi estudioko eta zuzeneko disko argitaratu ditu eta hainbat bildumatan parte hartu dau. Banda osoagaz etorriko da Artiumeko kontzertura (Xabier Olazabal Drake, baxua, Ander Mujika, gitarra, Mariano Hurtado, teklatuak, eta Mikel Txopeitia, bateria).

Eta irakurraldien hasieratik Anariren kontzertura bitartean, Artiumen Liburutegiak ezusteko liburuen maileguan parte hartzera gonbidetan ditu erabiltzaileak, bilduma berezi bat atondu dauelako esperientzia atsegina izan daiten irakurlearentzat.


Bookcrossing

Liburuen Nazinoarteko Egunerako Artiumen programea bookcrossing edo liburuak askatzeko beste kanpaina bategaz osotuko da (dagoeneko hamahirugarrena). Apirilaren 12an bertan hasi eta 23ra bitartean izango da, hau da, Liburuen Nazinoarteko Egunera arte. Aurten be, ia hirurogei museo eta arte-zentrok parte hartu dabe esperientzia horretan liburutegietan bikoiztuta dagozan liburuen zakutik datozen aleakaz uriak gainezka egiteko asmoz. Artiumek holan proponiduta, ehunka liburu askatzea aurreikusten dabe eta liburuak jasoten dituenek irakurri ondoren munduko beste leku batean askatzea da helburua. Eta ekimenaren helburu nagusia, irakurteko zaletasuna sustatzea eta museoetako liburutegietan gordeta dagoan aberastasuna zabaltzea.

Kanpaina honetan arte, argazkigintza eta arkitekturako 50 liburu inguru askatzeko asmoa dau Artiumek, behar bezela identifikau eta erregistrauta, Arabako hainbat tokitan: Unibersidade-campusean, Vitoria-Gasteizko tranbia-geltokietan, edota lurralde osoko kirol eta kultura-zentroetan. Beste zentro batzuetan truke-programetatik sortutako bikoiztuen funtsekoak dira liburuak.

Esperientzia horretan parte hartzeko nahikoa da liburu bakotxaren azalean eta barruko aldean dagozan eranskailuetako jarraibideei segidutea, hiru erreen arauari jarraituta, hau da, ingelesezko irakurri (Read), erregistrau (Register) eta askatu (Release)-ri.

www.bookcrossing–spain.com orrian ikus daiteke liburu bakotxaren nondik norakoa. Aurreko batzuetan Artiumek askatutako liburuak Parisen, Erroman, New Yorken edota Kairon topau dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu