Fantasiazko generoak hartuko dau Eztabaidak Literatureagaz zikloa

Bizkaie! 2019-04-05 11:56   Kulturea

Elia Barceló eta José Carlos Somoza idazleak egongo dira Bilbon, hilaren 9ko saioan.

Bidebarrieta Kulturgunearen Eztabaidak Literatureagaz zikloak fantasiazko generoaren izar handi bi hartuko ditu martitzenean, apirilak 9, FANT jaialdiagaz alkarlanean antolatutako saio berezian. Valentziatik Elia Barceló eta Kubatik José Carlos Somoza etorriko dira, Elena Sierra kazetariak gidatutako barriketaldian parte hartzeko. Saioa gaztelaniaz izango da.

Bildurra eta zientzia fikzinoa lantzen ditue batak eta besteak, eta generoaren nondik norakoak, azpigeneroak eta gaur egungo egoerea jorratuko ditue. Hain zuzen be, FANT jaialdiak zinemagintzan lantzen dauen generoa literaturara eroan dabe Barcelók eta Somozak. Hori dala eta, saio berezi hau antolatzen hartu dau parte FANTek, bere 25. edizinoaren harira, Bilboko Udalagaz batera.

Eztabaidak Literatureagaz zikloko beste guztien moduan, barriketaldi honetara joatea doban da, baina plaza mugatuak dagoz. 19:30ean hasiko da saioa, Bilboko Bidebarrieta Liburutegiko ekitaldi aretoan.

Elia Barceló (Alacant, 1957) filologoa da ikasketaz, eta Literatura Hispaniarrean doktore. Espainiako zientzia fikzinozko idazle azpimarragarrienetako bat da. Espainiako Fantasia eta Zientzia Fikzinoaren Alkarteak emoten dauen Ignotus Saria irabazi eban 1991n, Kataluniako Unibersidade Politeknikoko zientzia fikzinozko eleberri laburreko Nazinoarteko Saria 1994an eta Gazte literaturako Edebé Saria 1997an. Hogei eleberri inguru argitaratu ditu, eta bere lanak 18 hizkuntzatara itzuli dira.

José Carlos Somoza (Habana, 1959) fantasiazko eta misteriozko gaztelaniazko literaturearen idazle barritzaileenetako bat da, generoen arteko mugak apurtu izan ditu beti. Beste lan batzuen artean, Silencio de Blanca (La Sonrisa Vertical Saria 1996), Dafne desvanecida (Nadal Sariko finalista 2000. urtean), La caverna de las ideas (Gold Dagger Saria 2002an), Clara y la penumbra, La dama número trece (2003), La caja de marfil (2004), Zigzag (2006), La llave del abismo (2008, Ciudad de Torrevieja Eleberri Saria), El cebo (2010) eta Tetrammeron (2012) nobelak argitaratu ditu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu