'Antzerkia harrotasunez blai', herririk herri
2019-04-05 08:06 KultureaArte eszenikoen bidez, aniztasun afektiboa, genero identidadea eta familia ereduak jorratuko ditue.
Ortzadar LGBT alkarteak martxan jarritako Antzerkia harrotasunez blai ekimena Bizkaiko hainbat herritara helduko da, BBK Fundazinoak emondako laguntasunari esker. Proiektuaren asmoa da arte eszenikoak sensibilizazino eta didaktikarako tresnatzat erabiltea, aniztasun afektibo, genero identidade eta familia ereduen alorretan.
Ume eta gazteei begirako programea da honako hau, ikastetxe, mankomunidade eta udalen bitartez bideratuko dira eurentzako saioak. Ortzadar LGBTk kalkulau dau 3.000 ume inguruk ikusiko dituela antzezlanak Bizkaian, herririk herriko emonaldiei esker. Muskizen dagoeneko egin dabe saio bat, eta laster Arrigorriagara eta Igorrera helduko da.
Gipuzkoan hiru urte daroez dagoeneko Antzerkia harrotasunez blai zikloa antolatzen, Gehituren eskutik, eta dagoeneko 30 emonaldi baino gehiagoko birea egin dabe. Aurrerantzean, Bizkaira be helduko da proiektua, ahalik eta herri gehienetara zabaltzeko asmoagaz.
Ikastetxeetan aniztasuna eta antzerkia buztartzeko ahalegina da, azken baten, Antzerkia harrotasunez blai. LGTBI kolektiboa ikusgai egiten eta bazterkeriaren kontrako jarrerak zabaltzen laguntzen dau horrek. Bide batez, euskerea bultzatzen dau egitasmoak, antzezlanak euskeraz diran ezkero.
Aurtengo edizinoan Käffka obrea estreinau dabe, Ortzadar LGBT eta Gehitu alkarteen arteko koprodukzinoa. Aniztasun afektibo eta sexuala lantzen dituan antzezlan hori Bilboko Pabilioi 6 aretoan emon eben lehenengo aldiz. Igorren be hori lanori emongo dabe, eta Arrigorriagan, ostera, Tanttaka Teatroaren Muxua.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!