Ateak zabalduko ditu Dantzertik hilaren 5etik 7ra

Bizkaie! 2019-04-04 12:28   Kulturea

Tailer, berbaldi eta erakustaldiak egongo dira Arrakala 2019 jardunaldietan.

Euskadiko Arte Dramatiko eta Jantza Goi Mailako Eskolea da Dantzerti, punta-puntako artisten formakuntzarako erreferentziazko zentroa. Asteburuan, baina, herritar guztiei zabalduko deutsiez ateak, Arrakala 2019 jardunaldietako ekintzen bidez. Bide batez, eskolako ikasleen eta arte eszenikoetako profesionalen arteko topagune izango da.

Aurtengo jardunaldiei Politika-k izenburua ipini deutsie. Alderdi askotatik helduko deutsie kontzeptu horri: Zer da politikea? Jantzea eta antzerkia egitea politika egitea da? Halako auziei begiratuko deutsie. Horretarako, arte eszenikoetako goi mailako profesionalak konbidau ditue: Camille Hanson, Laura Corcuera, Ander Lipus, Colectivo Lisarco, Oihan Martirena, Blanca Ruiz, Iker Arrue eta Oier Guillan. Horrezaz gan, Maialen Araolazak eta Jose Sanchis Sinisterrak berbaldi bana emongo dabe.

Arrakalak aurten dakarren barrikuntzarik handiena erakustaldiak izango dira. Horreen artean, Dantzertiko ikasle batzuen prozesu amaierea ikusteko aukerea izango da zapatu gaueko 21:00etan. Arte Dramatikoko hirugarren mailako ikasleek prestaturiko antzerki-dokumentua eskainiko dabe, El color de la justicia izenekoa. Metrokoadroka sormen lantegiak, ostera, Zauri bolodia errezitaldi-performancea aurkeztuko dau.

Ekitaldi guztiak Dantzertiren egoitzan izango dira, Bilboko Ibarrekolanda auzoan. Jarduera batzuk euskeraz izango dira, eta beste batzuk gaztelaniaz. Dantzertik urterik urte ekimen hau antolatzen dau, eskolea mundura zabaldu eta bertako lana herritarrei hurreratzeko.

Arrakala 2019ko egitaraua eta informazino gehiago, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu