Urteetan idatzitako oharrak liburu baten batu ditu Angel Errok

Bizkaie! 2019-04-04 08:06   Kulturea

Dietario formatua dauka Lerro Etena lanak.

Angel Erro, Donostian egindako aurkezpenean | Ikusi handiago | Argazki originala

Angel Erro ikuspegi guztietatik agiri da Lerro etena liburuan (Elkar), 14 urtez idatzi dituan gogoeta, ohar eta pentsamenduak batu ditualako bertan. Xabier Mendiguren editoreak azaldu dauenez, atzerriko idazle askoren artean ohikoa da dietarioak idatzi eta argitaratzea, baina euskal literaturan ez da genero arrunta.

Dana dala, Angel Errok onartu dau berak ez dauela dietarioa egiteko asmorik euki hasieratik. Testu laburrak beretzat idatzi ditu, horretarako ohiturea daukalako betidanik. Orain dala urtebete inguru hasi zan koaderno ugaritan sakabanatutako testuak aukeratzen eta antolatzen. Ez ditu gaika edo kronologiaz ordenau, bestelako joskera bat bilatu dau.

2004 eta 2018. urteen artean Errok idatzitako oharrak dakarz Lerro etena lanak. Badagoz liburuen ganeko apunteak, baita bizitza personaleko momentu gogorretan sortutako gogoeta laburrak be. Danetariko gaiak landu ditu liburuan, beti ironia ikutu bategaz. Ganera, aukeratutako testuak ia editau barik dagoz, hortaz, bere garaian Errok idatzi zituan moduan topau leitekez ia-ia, edertu barik. Ez dago libururako beren-beregi sortutako testurik.

Hurrenkerearen bidez, gai batzuk nabarmendu ditu, eta beste batzuk izkutau. Era horretara, amaren heriotzea eta ospitaleko egonaldiak dira lanaren ardatzetako bat. Sexualidadea, Iruñetik Madrilerako aldaketea, bidaiak eta abar be agiri dira. Idazle ugari aitatzen dituan arren, euren izenak siglen bidez emon ditu, irakurleari umorerako eta olgetarako tartea ixteko.

Gehienbat poesia idazten dau Angel Errok, eta gaur egun prentsako zutabeak idazten be badabil. Azken liburua, baina, 2005ean argitaratu eban, Gorputzeko humoreak. Harrezkero joan diran hamalau urteotan, libururik atera ez arren, idazten segidu dauela erakusten dau Lerro etena-k.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu