Euskerea eta sormena sustatzen Gautegiz Arteagan

Bizkaie! 2019-04-03 08:02   Kulturea

Sari-banaketea datorren maiatzaren 3an egingo da, arratsaldeko 17:00etan, Aretxederreta Kultur Etxean.

Gautegiz Arteagako Udalak herriko neska-mutilen artean euskerea, irakurzaletasuna eta sormena sustatzeko asmoz ipuin lehiaketea dakar. Lehiaketearen 20. edizinoa da eta aurten be irudimena, sormena eta ipuinen aurkezpena kontuan hartuko ditu. Zazpi eta 12 urte bitarteko herriko umeei zuzenduta dago.

Parte-hartzaileek euskeraz idatzitako ipuin originalak aurkeztu leikiez Aretxederreta Kultur Etxean edota herriko Montorre Eskolan eta euskeraz. Gaia librea da, holan neska-mutilek irudimena ahal beste askatzeko.

Udalak ondo baino hobeto baloretan dau ipuin-lehiaketearen aurrean herriko neska-mutilek emoten daben erantzuna. Urtetik urtera gero eta parte-hartzaile gehiago dago. Irudimena askatu, istoriak sortzeagaz gozau eta euskeraz irakurri eta idazteagaz gozetako gonbita egiten deutsegu herriko neska-mutileei, istorioak sortzea dibertigarria dalako, nabarmendu dau Gautegiz Arteagako Alkateak, Juan Felix Naberanek.

Lehiaketan sormena eta aurkezteko modua hartuko dira kontuan, gaztetxuen irakurzaletasuna sustatzeko asmoagaz eta euren sormen gaitasuna piztuteko.

Herriko umeen partaidetzea bermatzeko, Udalak kategoria ezbardinetan banandu dau lehiaketea edadearen arabera; esangura horretan, lehen kategoria, 7 eta 8 urte bitarteko umeentzako izan da (2011-2012an jaiotakoak); honeei asko jota orrialde bat idatziz eta marrazkia eskatu jakez. Kategoria honetan ezin izan da ordenagailuz egindako lanik aurkeztu. Bigarren kategorian, 9 eta 10 urte bitarteko neska-mutilek parte hartu dabe (2009-2010 urteetan jaiotakoak); honeek asko jota orrialde bi eta marrazkia aurkeztu behar izan ditue. Eta hirugarren kategorian, 11 eta 12 urte bitartekoek (2007-2008.urtean jaiotakoak) orrialde bi edo gehiago eta marrazkia aurkeztu behar izan ditue. Azken kategoria bietan ordenagailuz be egin ahal izan dira lanak.

Kategoria bakotxeko irabazleari emongo jako saria eta parte-hartzaileentzako otordua egongo da. Sari-banaketea, barriz, datorren maiatzaren 3an egingo da, arratsaldeko 17:00etan, Aretxederreta Kultur Etxean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu