Arte eszenikoen produkzinoa laguntzeko 1.460.000 euro onartu ditue
2019-03-11 12:07 KultureaArte eszenikoak ikuspegi bateratuan landu gura dira.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 1.460.000 euro onartu ditu arte eszenikoen produkzinoa sustatzeko, igazko ekitaldian baino 160.000 euro gehiago. Diru-laguntzino deialdi barri bat sortu dau horretarako, orain arte indarrean egozan beste lerro bi buztartzen dituana: antzerki-produkzinoa sustatzeko deialdia (igaz, 880.000 euro) eta jantzea produziduteko lerroa (igaz, 420.000 euro). Lehenengo lerro horren bitartez 24 proiektu lagundu zituen igaz eta jantzea produziduteko deialdiaren bidez, ostera, 22 ekimen. Gobernu Batzordeak pasa dan astean onartu eban diru-laguntzino deialdi barri hau.
Deialdi horreek biak bakarrean batu dira arte eszenikoak ikuspegi bateratuan landu nahi diralako, antzerkia zein jantzea kontuan hartuz. Deialdi barriak lau modalidade izango ditu, aurreko modalitate bietan egozan zazpiak batzen baititu (antzerki-produkzinorako diru-laguntzetan lau modalidade egozan eta jantza produkzinoetarakoan beste hiru).
Honako honeek dira deialdi barri honek dakarzan lau modalidadeak:
- Hitzartutako zirkuituagaz egindako lanei zuzendutako laguntzak: Modalidade honen bitartez lagunduko dira SAREAko antzokietatik bira bat ziurtatuta daben produkzino proiektuak.
- Produkzino eszenikoak I eta banaketea: Modalitate honetan eta hurrengoan produkzinoa laguntzeaz gan honen banaketea be laguntzen da. Modalidade honetan kalidadezko eta interesa daben proiektu emergenteak lagundu nahi dira batez be, eta horregaitik ibilbideak ez dau indar esanguratsurik.
- Produkzino eszenikoak II eta banaketea: Modalidade honetan, barriz, kalidadezko eta interesa daben proiektuak laguntzeaz gan egituren iraunkortasuna bultzatu nahi da eta ibilbideak pisu handiago dau.
- Arte eszenikoetako konpainien urte biko jardunetarako laguntzak: Euskadiko konpainia finkatuen urte biko antzerki jarduerea laguntzeko, epe luzeko estrategiak abian jarteko aukera hobeagoak izan deiezan.
Deialdi honegaz batera, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak baditu bestelako diru-laguntzino deialdi edegiak arte eszenikoak sustatzeko: Alde batetik, 630.000 euro inbertiduten ditu arte eszenikoak sustatzeko deialdiaren sei modalidadeen bidez; bestetik, Kultur Sormena deialdiaren barruan badagoz deialdi bi arte eszenikoei lotutakoak: koreografien sorkuntzea eta antzerki testuak. Modalidade bi horreetan 80.800 euro inbertiduten dira. Azkenik, Sailak baditu deialdi zuzenak eta arte eszenikoak sustatzeko programa zehatzak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!