Bilbo eta Londres gutun bidez batu ditue Goizalde Landabasok eta Garazi Goiak

Bizkaie! 2019-02-28 11:09   Kulturea

Emakume eredugarriak, bizitzako ardurak, artea... jorratzen ditu 1.362 km euri liburuak.

Goizalde Landabaso eta Garazi Goia, Donostian egindako aurkezpenean | Ikusi handiago | Argazki originala

Formatu aldetik berezia da 1.362 km euri (Elkar), ez da ohikoa euskal literaturan halako argitalpenik topetea. Izan be, Goizalde Landabaso eta Garazi Goia idazleek alkarri bialdutako gutunen bildumea da, arretaz eta mimoz idatzitako gutunak. Teknologia barriek eta mezu azkarrek menperatutako gaur egungo gizartean patxadarako tartea hartu nahi izan dabe.

Urtebetez ibili dira Landabaso eta Goia alkarri idazten, gehienetan egun euritsuetan. Hortik dator 1.362 km euri izenburua. 1.362 kilometro Bilbo eta Londres arteko distantzia da, han bizi diralako Landabaso eta Goia, hurranez hurren. Eguraldia eta distantzia aitatzen dira gutunetan, jakina, baina hori ez da gai nagusia. Eskutitz bakotxean erreferentetzat daukien emakume bati buruz berba egiteko helburua ipini eben trukea hasi ebenean, euren alorrean aitzindari izan arren ezezagunak diran emakumeak batez be.

Hortaz, 1.362 km euri emakume ekintzaile eta sortzaile ugari plazaratzeko bidea izan da Landabaso eta Goiarentzat. Eulalia Abaitua, Paula Modersohn-Becker, Maurizia Aldeiturriaga, Natalia Sedova... gehienbat arteagaz lotutako emakumeak aukeratu ditue, baina badagoz bestelako alorretakoak be. Informazino gitxi dago aukeratutako andren inguruan, eta dokumentazino lan handia egin behar izan dabela azaldu dau Landabasok.

Ganera, idazle biak arduratzen dituen gaiez be egin dabe berba gutunetan. Garazi Goia gipuzkoarra aspaldi bizi da Londresen, han ditu familia eta lana. Atzerriaz, urruntasunaz idatzi dau, baita bere bizitzako hiru zutabeak ondo buztartzeko beharraz be: Amatasuna, bizitzea eta erronka personalak. Goizalde Landabasok, ostera, aurreko belaunaldietako emakumeek zabaldutako bideaz eta gaur egungo emakumeen jarreraz egin dau gogoetea, baita bakardadeaz be, besteak beste.

Gutunez gutun idazle bien gogoetak, azalpenak eta sentimenduak ezagutu ahala, pentsau eragingo deutsan liburua topauko dau, hortaz, irakurleak. Emakume aitzindari askoren izkutuko lorpen eta ekarpenak agertuko dira orrialdez orrialde aurrera egin ahala, baita bizitzearen inguruko kezkak be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu