Lehendakaria buru, Makina Erremintearen Museoak 20. urteurrena ospatu dau

Bizkaie! 2019-02-28 08:05   Kulturea

Euskal ekonomiarentzat funtsezko sektorea dala esan dau Iñigo Urkulluk.

Makina erremintea Euskal Autonomia Erkidegoko industriaren motorretako bat da, ehundazak enpresa dagoz, batzuk nazinoarteko merkaduetako indartsuenen artekoak. Sektore horren bihotzean, Elgoibarren, dagoan Makina Erremintearen Museoak 20 urte bete dituala eta, ekitaldi instituzionala egin dabe. Iñigo Urkullu Lehendakaria eta Cristina Uriarte Jaurlaritzako sailburua egon dira, baita Gipuzkoako Foru Aldundiko Ainhoa Aizpuru, museoko zuzendari ohi Pedro Ortuondo eta gaur egungo zuzendari Bea Ansola be.

Agintariek Museoko instalazinoak bisitau ditue, ofizio tradizionalen erakustaldi eta guzti: karraskatzailearena, armagintzako grabatzailearena eta errementariarena. Ganera, Lamoteko grabadua liburua be aurkeztu dabe. Ohorezko liburuan sinatu eta gero, agintariak IMHko Alberto Ortueta aretora joan dira, eta bertan egin da ekitaldi instituzionala.

Iñigo Urkullu Lehendakariak azpimarratu dauenez, Makina Erremintearen Museoa konserbazinoaren eta pedagogiaren eredua da, kultura industrialaren eta prestakuntzearen zerbitzura. Hemen aitzindari izan zarie formatu dualeko unibersidadeko goi-mailako prestakuntzan. Lehendakariak gogora ekarri dauenez, proiektu pilotua izan da hau euskal unibersidadean formakuntza duala ezarteko orduan.

Makina erremintea funtsezko sektorea da herrialde lehiakor batentzat, barritu, digitalizazinoa barneratu eta industria modernoago baterantz aurrera egin nahi dauen herrialde batentzat, Urkulluren ustez. Gaur egun, EAEko makina erremintea Espainia osokoaren % 90 da. 

Makina erremintea kanpoko merkadura heltzen lehenengoetakoa izan dala eta punta-puntako sektorea dala be adierazo dau Lehendakariak Elgoibarren. Erreferentea da barrikuntzan, gaitasun teknologikoan, egokitzeko gaitasunean eta mundu zabalera esportazinoak egiteko joeran. Igaz errekor bikotxa apurtu eban sektoreak: enpresa esportatzaileen kopuruan (16.000) eta esportautako zenbatekoan (25.000 milioi euro).

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu