Xabi Aburruzaga Farolin eta Miren de Miguel Zarambolas

Bizkaie! 2019-02-27 13:28   Kulturea

Bilboko Aratusteak zezeilaren 28an hasi eta martiaren 5ean amaituko dira.

Bilboko aratusteetako personaiarik ospetsuenak, Farolín eta Zarambolas, Xabier Aburruzaga trikitilaria eta Miren de Miguel soprano, aktore eta autorea izango dira, hurranez hurran. Gaur, Jaien Batzorde Mistoak, Bilboko Udaleko Itziar Urtasun buru dauela eta Bilboko Konparsak-eko kideak beragaz zirala, jentaurrean aurkeztu ditu personaia bi horreek.


Farolin

Xabi Aburruzaga nazinoartean trikitilari ezaguna da, beti jakin izan dauena bere pasioa musikea zala; zazpi urte baino ez zituala hasi zan solfeoa ikasten eta piano-akordeoia joten. Rufino Arrolaren eskutik ezagutu eban trikitiaren mundua. 1991an argitaratu eban lehenengo diskoa, eta, ordutik, hainbat sari irabazi ditu, hainbat liburu eta disko argitaratu eta munduko bazter batera eta bestera eroa dau euskal kulturea.

Farolín bilbotar bat izaten da (ez dau zertan Bilbon jaioa izan), bere jarduera profesional edo publikoan nabarmentzen dana, eta, ganera, botxotar izateaz harrotzen dana.


Zarambolas

Miren de Miguel bilbotar soprano, aktore eta komunikatzailea da. Berak esaten dau gorputz eta arimaz naz sopranoa; sortzetik kabaretari; erraietatik sortutako beharrizanez autore; EHUren erruz kazetari eta Social Media Marketingeko edukien arduradun gustuz eta plazerez.

Zarambolas gibelandi bat da, Bilboko persona bat; ez deutso ezerk eragiten, ez bizimodua aldarazoten.  Carpe Diem izan daiteke haren bizimodua ondoen azaltzen dauena.


Epaiketea Farolin eta Zarambolasi

Farolín eta Zarambolasen arteko epaiketea 1984an sortu zan, Bilboko Aratusteetan be ezartzearren usadiozko eta baserri-giroko aratusteen elementurik adierazgarrienetako bat, eta, epaiketa horretan, urteko gaiztoenak epaitzen eta kondenetan ziran. Uriaren kasuan, gaiari holako tratamendu barregarria emotea hautatu eben, gaiztoa-ona ekuazinoari aurre egin eta ikur bat hautatuz umorezko tonu bat izango ebana.

Usadioari jarraipena emonez, aurten Farolín eta Zarambolasi egingo jaken epaiketea martiaren 1ean izango da, barikuan, 19:30ean, Plaza Barrian kokatutako karpan. Epaiketearen ostean, 20:00etan, Santiago plazan, egingo jake jentaurreko laidoa personaia bi horreei; ikuskizunagaz batera, aratusteetako usadiozko koplak kantatuko dira.


Bilboko Aratusteak 2019

Jai Batzorde Mistoak Bilboko Aratusteetako personaiarik ospetsuenak aukeratu ditu: Farolín eta Zarambolas. Batzorde horretan, Bilboko Udaleko, Bilboko Konparsetako, Feekor alkarteko eta Zazpi Kaleetako Merkatarien Alkarteko ordezkariak dago.

1984ko Aratusteetan sartu zan Farolín eta Zarambolasen epaiketea, aratuste tradizional eta baserri-girokoetan ohikoa zan urteroko personaia gaiztoa epaitu eta zigortzearen eredua parodiatuz.

Bilboko Aratusteetan jaia, tradizinoa eta herritarren parte hartzea izango ditugu 6 egunez, zezeilaren 28an hasi eta martiaren 5era.

Danetara, edade guztietako jentearentzako 50 jarduera baino gehiago: kontzertuak, fanfarreak, umeentzako jarduerak, antzerki-ikuskizunak, topaketa gastronomikoa eta lehiaketak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu