Euskal artista ugari ARCO Azokan

Bizkaie! 2019-02-27 09:17   Kulturea

Martiaren 3ra arte, mundu guztiko 200 galeria egongo dira Madrilen.

Argazkia: Etxepare Euskal Institutua | Ikusi handiago | Argazki originala

Igazko moduan, aurten be euskal galeria bakarrak hartuko dau parte Madrilgo ARCO Azokan, arte garaikidearen inguruko hitzordu garrantzitsuenetako bat dan arren. Bilboko Carreras Múgica izango da hori, hain zuzen. Halandabe, euskal artista askoren lanak ikusi ahal izango dira Ifema erakustazokako pabilioietan, Carreras Múgicaren txokoan zein kanpoko galerietan.

Bertoko artisten lanen barri zabaltzeaz gan, sortzaile gazteei bultzadea emoteko helburu dauka Carreras Múgicak. Hori dala eta, ARCO Azokara artista gazte zein beteranoen obrak eroan ditue galeriako arduradunek: June Crespo, Erlea Maneros, Jon Mikel Euba, Txomin Badiola, Itziar Okariz, Juan Perez Agirregoikoa, Ángel Bados, Asier Mendizabal, Pello Irazu, Sergio Prego eta Raul Dominguez.

Ganera, Eduardo Txillidaren piezaren bat be Madrilera eroan dabe. Euskal Herritik kanpokoen artean, Richard Serra amerikarra eta Angela de la Cruz galiziarra aitatu leitekez Carreras Múgicaren eskaintza zabalean.

Beste galeria batzuen postuetan be euskal artista ugariren lanak egongo dira. Esther Ferrer eta Cristina Iglesias dira, beharbada, ezagunenak, ibilbide luze eta oparoa egin dabelako. Baina Madrilen izango dira, ganera, Alain Urrutia, Mari Puri Herrero, Kepa Garraza, Maider Lopez eta Manu Muniategiandikoetxea.

Zezeilaren 27tik martiaren 3ra egingo dabe ARCO Azokea. Munduko 30 bat herrialdetako 203 galeriak hartuko dabe parte, eta Peru izango da herrialde gonbidatua. Galerien obren erakusketez gan, berbaldiak, hitzordu profesionalak eta abar antolatu ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu