Bardintasun Saria, EHUko eta Deustuko master banari
2018-12-13 13:53 KultureaBardintasunean eta emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko politiketan egindako ekarpena nabarmendu dau Emakundek.
Epaimahaiak gehiengo osoz halan erabagita, Emakunderen 2018ko Bardintasun Saria ikasketen goi mailako master bik jasoko dabe: EHUren Bardintasun Masterrak eta Deustuko Unibersidadeko Emakumeen Kontrako Indarkerian Esku Hartzeko Masterrak. Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak egin ditu publiko irabazleen izenak.
Goi mailako prestakuntzearen profesionalizazinoari master biek egiten deutsen ekarpenagaitik saritu ditue. Euskal Herrian zein atzerrian erreferente bihurtu dirala dino epaimahaiak. Bardintasuneko eta emakumeen kontrako indarkerian esku hartzeko prestakuntza espezializaduaren eta kalidadeko prestakuntzearen aldeko apustua be nabarmendu dau.
Master bien eragin biderkatzailea aitatu dau epaimahaiak, izan be, horrek laguntzen dau gaur egun bardintasun-politiketan lan egiten daben persona askoren eginkizuna goi-mailako prestakuntzeagaz eta prestigioagaz egiten, eta jarduera guztietan genero-ikuspegia txertatzen. Masterretan parte hartu daben norbanakoentzako gorazarrea be bada sari hau, Emakunderen arabera.
EHUko Bardintasun Masterra 2001ean sortu zan eta, harrezkero, erreferente akademikoa da, eta disziplinarteko prestakuntza teoriko eta praktiko zabala dau, ikuspegi feministatik. Bardintasun-politiketan sakontzen dau, eta, horretarako, erakundeetan erabilten diran tresnak eta neurri zehatzak emoten ditu ezagutzera, zeharkako beste ezagutza batzukaz batera. Ganera, master horren esparruan emakume eta gizonen bardintasunaren aldeko lanean dabizanen sarea sortu dabe.
Deustuko Unibersidadeko Emakumeen Kontrako Indarkerian Esku Hartzeko Masterra, 2003tik, erreferente aitzindaria da emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko prestakuntza berezia eskaintzen, gizarte-eskari handiari erantzuteko. Disziplinarteko ikuspegitik, ikasleei gaitasuna emoten deutse esku-hartzeak diseinau, planifikau, kudeatu eta neurtzeko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!