Riccardo Cannellak irabazi dau Seriesland jaialdiko sari nagusia

Bizkaie! 2018-10-29 11:28   Kulturea

Asier Macazaga, Urko Saenz de Buruaga eta Amin Adin be saritu ditue.

Riccardo Cannella, saria hartzen (argazkiak: Seriesland) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Sail Digitalen Nazinoarteko Jaialdiaren, Seriesland-en, laugarren edizinoa Guggenheim Museoan amaitu da, sariak banatzeko galan. Hilaren 22an hasita, Bilbon batu dira websailen sektoreko munduko ordezkariak, aurrekontu oparoak dituenetatik proiektu apaletaraino.

Epaimahaian honeek egon dira: Koldo Anasagasti, Bainet-eko zuzendaria; Ainhoa Andraka, Doxa Produkzinoetako burua; Csongor Dobrotka, Alemaniako Die Seriale jaialdiko zuzendaria; Zuri Goikoetxea, produktorea; Martín Froilán Lapissonde, Buenos Airesko Webfest jaialdiko zuzendaria; eta Silvia Popescu, HBO-ko arduraduna.

Sail ofizialean 30 websail lehiatu dira, produkzino independenteentzako Amets sailean 45, eta Euskal Screening sailean beste bost.

Urrezko Otsoa, hau da, jaialdiko sari nagusia, Riccardo Cannella zuzendari siziliarrari emon deutsie, Anachronisme sailagaitik. Telesail eta produkzino zinematografikoetan ibilbide luzea egin eta gero, serie digitalen munduan sartu zan Cannella, eta gaur egun sektoreko sortzailerik ospetsuenetako bat da. Epaimahaikoen ustez, bere barruko mundua erakusten jakin dau, artistearen obrearen espirituari eutsita.

IV. Seriesland honetako websailik onenaren Zidarrezko Otsoa, ostera, Amin Dora libanoarraren Bidune Kaid (Undocummented) lanak irabazi dau. Istorioa hiru ikuspuntutatik zelan kontetan dauen nabarmendu dau epaimahaiak, eta teknologia barriak kontakizunaren alde erabili izana txalotu dau. Siriako gerran kokatuta dago Amin Doraren istorio hau.

Euskal websailik onenaren Zidarrezko Otsoa Asier Macazagak irabazi dau, Vitto Way y el misterio del anillo lanari esker.  Ganera, Alemaniako Die Seriale jaialdian parte hartzeko eskubidea irabazi dau. Epaimahaiaren ustez, istorio entretenigarria da Macazagak kontetan dauena, eta ganera, Gasteizen kokatua.

Azkenik, palmaresa biribiltzeko, euskal sailik originalenari emon deutsie saria. Urko Sáenz de Buruagaren Morrosko izan da irabazlea. Brasilgo Rio Web Fest jaialdian aurkeztu ahal izango dau bere lana, sari honi esker. Ganera, proiektuen atalean, Argentinatik datorren Protagonistas aukeratu dabe, eta bigarren denporaldira produziduteko 25.000 euro emongo deutsiez.

Euskal zuzendariak eta beste jaialdi batzuetako arduradunak

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu