Miriam Ocarizen sorkuntzarik barritzaileenak batu ditue Rekalde Aretoan

Bizkaie! 2018-10-25 13:40   Kulturea

Zezeilaren 3ra arte ikusi leitekez diseinatzaile bizkaitarraren piezak Bilbon.

Miriam Ocariz, erakusketearen aurkezpenera joandakoei azalpenak emoten (argazkia: BFA) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bizkaiko Foru Aldundiak Rekalde Aretoan zabaldu barri dauen erakusketeak errepasoa egingo deutso Miriam Ocariz moda-diseinatzaile bilbotarraren ibilbide oparoari, haren sorkuntza barritzaileenak eta personalenak batuta. Modatik harago doan artea da Ocarizena, erakusketea aurkezteko ekitaldian nabarmendu dabenez. Lorea Bilbao Bizkaiko Kultura diputadua eta Miriam Ocariz bera egon dira ekitaldian.

Beragan dan-dana da sorkuntzea, hainbat diziplina eta estilotan ibilitakoa da eta, jakina, oraingoan be erakusketara datozan guztiak harrituko ditu, adierazo dau Lorea Bilbaok. Ganeratu dauenez, Bizkaiko adimenik sortzaile eta originaletariko baten piezen aukeraketea da erakusketea.

Alderdi grafikoa erabilten dau Ocarizek bere sorkuntzea identifiketako, estanpazino-tekniketan agertzen dan legez, euskarritzat ehuna erabilita. Erakusketa honetan, marrazketeari leku zabala egin deutsie, Ocarizen produkzino osoaren hasierako eta funtsezko iturria da eta. Artisteak modu ugaritan erabilten dau marrazketea: hormetako papelezko estanpaduetan, soinekoetan, osagaietan, etxerako erropetan eta abar. Holan, marrazketea beste euskarri batzuetara eroaten dau.

Erakusketearen hari nagusia kolorea da, areto guztia zeharkatzen dauen loturea hori da: Zuritik baltzera eta gorrira, Miriam Ocarizen kolore fetitxea dan larrosea ahaztu barik.

Areto osoaren perimetroa horma-irudi handi batek inguratzen dau. Irudi horretan, marraztuta dagozan  irudien nahaste baten bidez, koloreetan eta marren bidez sinbolizauta dagozan egoera emozionalak irudikatzen dira.

Miriam Ocarizen sorkuntzearen inguruko erakusketea zezeilaren 3ra arte ikusi ahal izango da, Bilboko Rekalde Aretoan. Sartzea doban da. Eguenero, bisitaldi gidatuak egingo ditue eta Miriam Ocarizek berak topaketa batzuetan hartuko dau parte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu