Liburu Zahar eta Aukerakoen 40. Azokea, barikutik Arenalean
2018-10-25 13:15 Kulturea42 erakusmahai ipiniko ditue, zemendiaren 11ra arte.
Liburu zaharren usainak hartuko dau Bilbo hurrengo egunotan, Liburu Zahar eta Aukerakoen Azokeari esker. Dagoeneko 40. edizinoa bete dauen ezkero, udagoieneko hitzordu klasiko bihurtu dala esan leiteke. Ohiko liburu-dendetan topetan ez diran aleak egongo dira zaleen zain, hamazazpi egunez, urriaren 26tik zemendiaren 11ra.
Arenaleko gunean 42 erakusmahai egongo dira, gehienak Bizkaiko liburu-denda eta banatzaileenak. Baina Arabako eta Nafarroako saltzaileak be egongo dira, baita Leon eta Andaluziakoak be. Klase bitako liburuak eroango ditue azokara: Batetik, zaharrak, hau da, ehun urte baino gehiago dituenak. Bestetik, aukerakoak, deskatalogauta dagozanak.
Liburu Azoken koordinatzaile Asier Muniategik azaldu dauenez, irakurzaletasuna bultzatzea da euren asmo nagusia, herritarrek kalean liburuakaz topo egin deiela. Irakurtea karua dala dinoenei kontra eginaz, Muniategik azaldu dau aukerako liburuak merke-merke egongo dirala azoka honetan, batzuk euro baten truke.
Gaiei jagokenez, danetarikoak egongo dira. Nobelez gan, jenteak asko eskatzen ditu historia eta gastronomia liburuak, Muniategiren arabera. Euskal gaiak, Gerra Zibila eta abar jorratzen dituenek be eskari handia izaten dabe. Udagoienean gagozanez, perretxikoen ganeko liburuak be nahi izaten ditu jenteak.
Urtero, 3.000 liburu argitaratzen dira Euskal Autonomia Erkidegoan. Euskeraz, Euskal Herri guztia kontuan hartuta, 2.200 titulu inguru izaten dira. Goraka doan datua da hori eta, positiboa dan arren, liburuen bataz besteko bizitzea laburtzen dauela gogoratu dau Muniategik. Horregaitik, Bilbokoaren moduko azokak aproposak dira katalogotik kanpo nahi baino arinago geratu diran argitalpenak topetako.
Irakurzaletasuna, ostera, ez doa gora, herritarren heren bi inguruk dinoe irakurleak dirala. Muniategi baikor dago, gaur egungo astialdi eskaintza zabalaren aurrean, behinik behin, eutsi egiten deutsielako datuari.
Kontuak kontu, zemendiaren 11ra arte, liburu zahar eta aukerakoen zaleen topagune izango Arenala. Bilboko Alde Zaharrari dinamizazinoa eta babesa emoten deutsazan hitzordua dala adierazo dau Unai Aizpuru Zazpi Kaleetako Merkatarien Alkarteko arduradunak. Asier Muniategik ganeratu dauenez, liburuak, objektu legez, maite dituenentzako azokea da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!