Juan Kruz Igerabidek irabazi dau Umeen Literaturako Sari Nazionala

Bizkaie! 2018-09-28 08:08   Kulturea

Letren txotxongiloa lanagaitik emon deutsie.

Juan Kruz Igerabide | Ikusi handiago | Argazki originala

Espainiako Kultura, Hezkuntza eta Kirol Ministerioak urtero emoten dauen Literatura Sari Nazionala Juan Kruz Igerabide idazle gipuzkoarrarak irabazi dau aurten, Ume eta Gazteen Literaturea atalean. Espainiako hizkuntza ofizialetan idatzitako liburuak lehiatzen dira kategoria berean, eta epaimahaiak euskerazko lan bat saritzea erabagi dau oraingoan, Letren txotxongiloa.

Epaimahaiaren ustez, Igerabidek maisutasunez darabil lengoaia poetikoa, bai aliterazino sinbolisten eta bai umore absurdorako jokerearen bidez be. Ahozko euskal tradizinoaren oihartzuna be igarten da Letren txotxongiloa-n, epaimahaikideen esanetan.

Letren txotxongiloa euskeraz idatzi eban Juan Kruz Igerabidek, baina, gerora, gaztelaniara, galegora eta katalanera itzulita be plazaratu dabe. Espainiako Kultura Ministerioak 20.000 euro emongo deutsaz idazle gipuzkoarrari saria irabazteagaitik.

Juan Kruz Igerabide (Aduna, 1956) azken hamarkadetako autorerik oparoenetako bat da umeentzako euskerazko literaturan. Alor horretan, Jonas pertsonaiaren saila nabarmendu leiteke, horri esker 1999an Euskadi Saria irabazi eban. Helduentzako be idatzi dau eta ikerlanak eginak ditu literatura gaien inguruan. Narratibea ez eze, poesia be aspalditik lantzen dau Igerabidek. Nazinoarteko autore ezagun asko (Charles Baudelaire, Michèle Marineau, Gianni Rodari...) euskerara itzuli ditu.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu