Clash Royal bideoa saritu dabe I. B-Tuber lehiaketan

Bizkaie! 2018-09-26 08:59   Kulturea

Irabazlea Kimetz Karkoba Gaminde izan da, Clash Royal bideoaren egilea.

Iurdana Acasuso, Kimetz Karkoba eta Koldo Narbaiza. | Ikusi handiago | Argazki originala

Bideo-jokoei buruzko bideoak izan dira B-Tuber lehiaketearen lehenengo edizino honetako gai nagusiak. 54 gaztek hartu dute parte, 25 lan aurkeztuta. Udan 13-16 urteko 179 gaztek hartu dabe parte B-Tuber ikastaroan, YouTuben bideoak sortzeko, editetako, produziduteko eta post-produziduteko eta kanalak sortzeko eta kudeatzeko zehaztasun teknikoak eskuratzeko.

Bilboko Udalak, Azkue Fundazinoagaz alkarlanean, bultzatutako ekimen hau YouTube plataforman euskeraa gehiago erabilteko asmoagaz jaio da, izan be, Youtube da gazteek euren aisian gehien erabilten daben kanaletako bat.

B-Tuber lehiaketearen lehenengo edizinoko saria hartu dau Kimetz Karkoba Gaminde gazteak. Koldo Narbaiza, Euskera eta Hezkuntzako zinegotziak eta Iurdana Acasuso Azkue Fundazinoko zuzendariak emon dabe saria; sarean bideoak egiteko ekipo profesionala, irudi-egonkorgailuak, mikrofonoak eta LED argiztapen-sistemak osotua.

B-Tuber lehiaketearen lehenengo edizinoan 54 gaztek hartu dabe parte. Danetara, 25 lan aurkeztu ditue. Bakarka egindako lanak izan dira batzuk, gehienak taldeka eginak izan badira be. Lan guztiak euskeraz egin dira, 4 bat minutuko iraupenekoak gehienak. Azpimarratzekoa da lehiaketara aurkeztutako bideo gehienak bideo-jokoei buruzkoak izan dirala.

B-Tuber lehiaketea bagilaren amaiera aldean egin zan, Euskerearen Etxean egun bitan youtuber izateko antolatutako dobako ikastaroen ostean. Youtuber izateko ikastaro horreek Bilbon erroldatutako 13-16 urteko gazteentzat dira, ikasi deien bideoak euskeraz sortzen eta editetan eta Youtube bidez ezagutarazoten. Hiru ikastaro eskaini dira, bi egunetan banatuta. Ikastarook euskera hutsean emon dira. Ikastaroetan gai interesgarriak landu ditue benetako youtuber bihurtu nahi dabenentzako, esaterako: Youtuben kontu bat sortzeko pausuak; izena emotea youtubeko kanaletan, profila personalizau, videopad programeagaz grabaketak eta muntaiak egin, musikea behera kargau eta post-produkzinorako beste persona batzuen irudiak erabili, bisualizazino gehiago izateko estrategiak...

Ikastaro hau Gabonetako oporretan egin zan lehenengoz, eta izan eban erantzun bikainaren ondorioz, ikasturtea amaitu ondoren barriro eskaintzea erabagi zan. Kontua da ze atzera be erantzuna upealakoa izan dala, 179 gaztek hartu dabe parte eta gazte horreek Interneten egin dabe lan, beti euskeraz.

Esperientzia handiko epaimahaia izan dau lehiaketeak, Ane Atxutegi eta Iban Garcia youtuberrak, hain zuzen be. Epaimahaiko kideek ez dabe eginkizun erraza izan aurkeztutako 25 lanen artean irabazlea aukeratzeko, batzuk kalidade handikoak izan dira eta. Azkenean, Clash Royal bideoa izan da irabazlea, izen bereko bideo-jokoari buruzko euskerazko lehenengo tutoriala.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu