Bola jokoan, nor baino nor, Zeanuriko kofradiak Altzustan, San Migel egunean

Bizkaie! 2018-09-26 10:55   Kulturea

Bola jokoa euskal kulturako beste hainbat gauza lez, desagertzeko arriskuan dagoala ikusiz, bultzadea emon gura deutse antolatzaileek.

Irailaren 29an, San Miguel egunean, Altzustako bolatokian jokatuko da Zeanuriko kofradien arteko bola txapelketea. Udalerria osotzen daben zazpi kofradietako ordezkariak izango dabe taldeka jokatzen dan txapelketa horretan parte hartzeko aukerea: Altzuak, Altzustak, Asterriak, Ibarguenek, Ipiñaburu-Undurragak, Otzerinmendik eta Uribek.

Taldea 4 bolarik osotuko dabe, bolari bakotxak 6 jaurtiketa egingo ditu, eta taldekide guztiak botatako txirloen batuketea hartuko da kontuan; beraz, txirlo gehien botaten dauen taldea izango da irabazlea eta bardinketea egongo balitz, gerrea jokatuko litzateke.


Alberto Zuluagarentzat bakarkakoa

Aurtengo udan, bakarkako hiru txapelketa jokatu dira Zeanurin: Altzuan, San Juston eta San Lontzon eta toki bakotxean sailkatu ziran lehenengo hiru bolariak hartu eben parte Zeanuriko bakarkako txapelketan, San Lontzo bigarren egunean. Irabazlea, Alberto Zuluaga otzerinmenditarra izan zan eta bigarren eta hirugarren tokietan Inazio Goioaga eta Juantxo Ozerinjaruregi sailkatu ziran.


Bola jokoa desagertzeko arriskuan

Bola jokoa Arratiako eta euskal kulturako beste hainbat gauza lez, desagertzeko arriskuan dagoala ikusiz, bultzakadatxua emon gura deutse antolatzaileek txapelketeari. Gaur egun bola jokoa udan eta auzune gitxi batzuetako jaietan baino ez da jokatzen da, gazteen parte-hartze txikiagaz. Beraz, desagertzeko arrisku larrian dagoan kirol herrikoi honen biziraupena eta gazteak erakarri gura ditue antolatzaileek. Juantxo Ozerinjauregik, antolatzaileen ordezkariak dinoanez, aurten be umeentzat txapelketea antolatu gura dogu, eta umeen taldeak osotzeko ahalegin bat egin behar dogu, ia animetan diran eta geure-geurea dan kirol bati, boleari, ez deutsogun desagertzen ixten. Horretarako, kofradien arteko txapelketea hasi aurretik, umeei bolan jokatzeko eta kirol hau ezagutzeko aukerea eskainiko jake.


Babeslea eta laguntzailea

Kofradien arteko txapelketa hau antolatzea ezinezkoa izango litzateke erakunde eta enpresa pribatuen laguntzino barik, eta Zeanuriko Udalaren babesa eta Altzusteko kofradiaren eta Altzustan bertan dagoan Ellauri Hoteleko Kiloterdi Txokoaren laguntzinoa izango dau.

Sariak honako honeek izango dira: talde irabazleak 200€ eta kilo eta erdiko txuleta bi eta bere osogarriak bakaltzeko edo afaltzeko aukerea izango dau Kiloterdi Txokoan, Ellauri hotelaren jatetxean. Bigarren saria: 120 €koa izango da eta 3.a 100 €koa. 2017an, Ibargueneko taldeak jantzi eban txapela.

Beraz eskuzuloak, txorrea, sinkea, hirukoa, txakile, zubile, txirloa, arrapea... eta bola-jokoagaz zerikusia daben beste berba batzuk entzuteko aukerea izango da Altzustako bolatokian irailaren 29an, arrastiko 17:30ean.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu