Dana prest Getxon skate-aren nazinoarteko elitea hartzeko

Bizkaie! 2018-06-19 13:27   Kulturea

Getxoko Skate Astean, maila goreneko txapelketak, musika-kontzertuak eta dobako eskolak izango dira.

Areetako eta Arrigunagako skateparkeak prest dagoz Getxoko Skate Asteko proba garrantzitsuenak hartzeko. Asteari pasa dan zapatuan emon jakon hasierea La Kanterako bowl-ean Basque Pool Series-egaz, eta, atzo, jarraipena izan eban Txurrukako pasealekuan gazteenentzako klaseen saioagaz. Programeak bihar aurrera jarraituko dau, eta 14:00etatik aurrera, Areetan, asteko ekitaldi nagusietarikoa izango da, The Tournament; hau da, asteburuko txapelketa nagusia baino egun batzuk lehenago Getxora etorten diran maila goreneko hainbat skater bowl-etik kanpo ikusi ahal izateko txapelketea. Areetako proban, 2.500 € banatuko dira sarietan, eta irabazleek La Kantera Invitational txapelketara zuzenean joateko aukerea eskuratuko dabe; txapelketea Arrigunagan egingo da, zapatuan.

Imanol Landa Getxoko alkateak gogoratu dauenez, aurten, Skate Aste Nagusiaren bosgarren edizinoa izango da, eta helburu nagusia da udalerri honetan gehien sustraitutako kiroletako bat nahiz kirol horren inguruan sortzen diran kultura eta sormen osoa herritarrei hurreratzea. Horretarako, babesle handi biren lankidetzea izango dogu, Euskaltel-ena eta Volcom-ena, eta eskerrak emon nahi deutseguz euren babesagaitik. Arrigunagako skateparkea nazinoarteko skater ugarik ezagutzen, maitatzen eta bisitetan daben ekipamendua da, eta Getxora datozen guztietan gogorarazoten deuskue kirol hori maite dabenentzako munduko espazio ikonikoaren aurrean gagozala.

Skate Astearen harian, eskerrak emon eta gure omenaldia egin nahi deutsegu Getxoko ordezkari legetxe mundu osoan zehar lan handia egin dauen tokiko komunidade osoari azaldau du Landak.

Bestalde, Getxoko Alain Goikoetxea skaterrak bere poza agertu dau ekitaldian parte hartuko dabela baieztatu daben skaterren aurrean.


Egitaraua

Bagilaren 21etik aurrera jarduera guztiak Arrigunagan batuko dira. Eguenean bertan, 17:00etatik aurrera, landan jarritako mini-arrapalan ikasteko eta erakusteko saioa antolatuko da. Barikuan, barriz, ospetsu gehienak helduko dira, eta 11:00etatik aurrera entrenamendu libreen saioa aurreikusita dago; iluntzean, 21:00etatik aurrera, barbakoa egingo da, eta Purple Vellocet eta Pizza Knife taldeek musika-kontzertuak eskainiko ditue.

Skate Astearen egun handia zapatuan izango da, gizonezkoe txapelketa profesionala nahiz emakumezkoena eta masterretakoa egingo baitira. Danetara, 45.000 € banatuko dira sarietan, eta parte-hartzaileen zerrendan honako honeek dagoz: Nilo Peçaña eta Biano Bianchin (Brasil), Rune Glifberg (Danimarka), Dran Van Der Linden (Holanda), Martino Cattaneo (Italia), Vincent Matheron eta George Poole (Frantzia), Alex Halford, Jordan Thackeray, Sox Watkins eta Sam Beckett (Ingalaterra) eta Jaime Mateu mallorcarra. Master proban igazko irabazlea be izango da, Nicky Guerrero danimarkarra. Emakumeen artean, Chloe Bernard frantsesaz gan, AEBetako Jordyn Barratt gaztea izango da, 16 urtegaz munduko onenetakoa. 10:00etan entrenamenduak hasiko dira, eta 12:30etik 19:30era hiru txapelketak egingo dira. 21:00etatik aurrera, Wodywood Cutters, Estrons eta FAVX-en kontzertuakaz amaierea emongo jako Getxon egingo dan skate egun handiari.

Aurreko edizinoetan lez, La Kanterako pool-aren inguruetan harmailak jarriko dira, eta jarduera guztiak dobakoak eta sarrera librekoak izango dira.


Trafikoaren etenaldiak

La Kantera Invitational-en finalak San Juan gauagaz batera egingo diranez, bagilaren 22ko goizetik 23ko gauera bitartean, Udaltzaingoak Altube eta Artagan kaleetara sartzeko sarrerea zarratu egingo deutse ibilgailuei. Ganera, azken urteetan, egunotan Udaltzaingoak egiten dauen moduan, segurtasuneko dispositibo berezia ezarri da, arratsalde-gauan gorabeherarik izan ez daiten eta kirol-jai eta jai sozial handi batez gozetako aukerea izan daigun.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu