Bilboko Trupp publizidade etxeak irabazi dau Zazpi Kaleen irudi barria sortzeko lehiaketea

Bizkaie! 2018-06-19 12:12   Kulturea

Sendotasuna eta modernidadea buztartu ditu proposamen irabazleak.



Bilboko Trupp agentzia izan da lehiaketearen irabazlea. 1985ean sortu zan komunikazino-konpainia moduan eta espezialistea da publizidade eta komunikazino estrategikoan. Zezeilean hamalau proiektu aurkeztu ziran lehiaketara, Zazpi Kaleen muina irudi bakarrean batzeko asmoz.

Irudi barria hainbat eremu publikotan erabiliko da: uri-hornigarrietan (jarleku, paperontzi, edukiontzi...); espazio fisiko jakinetan (umeen parkeak...); Zazpi Kaleetako eraikin berezietan eta etxebizitzen eraikinetan (metroaren geltokia, Erriberako Merkatua...); uriko seinaleetan (monumentuak, kaleak...) eta jarduerenetan; merchandisingean (katiluak, elastikoak, txapak...). Horrezaz gan, esparru pribatuan be aplikau ahal izango da; irudi barria erabili nahi da dendetan eta ostalaritzan (terrazak eta mahaitxuak, olanak, poltsak, edontziak, edontzi azpikoak, erakusleihoak...) banderatxuetan, Gabonetako argietan, sarietan; baita liburuxketan, espazio digitaletan edo ikus-entzunezkoetan be.

Irudi irabazleak 40.000 euroko saria jasoko dau eta zubia darabil ikono moduan konexinoaren mezua helarazoteko, edade eta kultura guztietako (uriko muin soziala eta kulturala) personen topagune baita, uria sortu zanetik zubiak dira-eta bere elementu arkitektoniko nabarienak. Zazpi Kaleak uriaren bihotz eta erdigune diranez, markea sortzeko orduan, lehentasuna izan dau diskurso emozionalak, hurreko ezaugarri bisuala sortuz.

Proposamen hau, eta beste irudi finalista biak, gizarteko eta instituzinoetako eragileek osotutako Balorazino Batzorde Teknikoak aukeratu zituan lehenengo eta ikusgai jarri, aukeratutako beste irudi biakaz, maiatzaren 2tik 17ra bitartean Ibaiondo eta Abandoko udaltegietan, hurranez hurran. Kontua da ze 735 lagunek emon ebela botua euren lanik gustukoena aukeratzeko.

Azkenik, ekainaren 14an adituek osotutako epaimahaiak (epaimahaiko burua Xabier Ochandiano Bilboko Udaleko Ekonomi Garapen, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzia; mahaikideak: Miguel Zugaza Bilboko Arte Eder Museoko zuzendaria, Fernándo Pérez Azkuna Zentroko zuzendaria, Mabi Revuelta artistea, Arantza Lauzirika EHUko Arte Eder fakultadeko dekanoa eta Laura Torres Deustuko Unibersidadeko Komunikazino eta Marketingeko zuzendaria) aho batez aukeratu eban proposamen irabazlea.

Orain, eta urrira bitartean, enpresa irabazleak epe bat dauka ezaugarrien eskuliburua taiutzeko, irudia modu egokian erabilteko. Epe horretan, lantalde bat eratuko da (Zazpi Kaleetako merkataritza eta ostalaritzeako ordezkariek osotua gehienbat), bihar-etziko negozio-aukerak aztertzeko eta bultzatzeko, nortasun bisual barrian oinarrituta.

 

Zazpi Kaleetako jarduketa plana

Bilboko Zazpi Kaleen nortasun bisuala sortzeko lehiaketa publikoa argitaratzea Bilboko Udalaren Zazpi Kaleen garapen jasangarrirako estrategia. Zazpi Kaleak, Bihotz Historikoa eta Modernotasuna 2016-2019 proiektuaren barruan sartzen da; hain zuzen be, udalak egindako ekintza plan garrantzitsua, gerora begira eta orekaz batzeko uriko erdigune historikoaren potentzial ekonomikoa, kulturala eta soziala.

Erronka nagusia merkataritzea, ostalaritzea, jarduera kulturala, auzoan bizi diran auzotarrak, Bilboko biztanleak, bisitariak eta batzea eta harmonian jartea da modernotasunaren eskutik. Zazpi Kaleak dira Bilboko turismoaren, merkataritzako jarduerearen eta ostalaritzearen bultzatzaile nagusietakoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu