Bilboko Arte Eder Museoak ‘Bermeoko Bista’ (1783) obrea aurkeztu dau

Bizkaie! 2017-07-12 12:41   Kulturea

Kantauriko kostaldeko portuak erakusten dituen margolanen saileko lehen piezatzat hartu dabe.

Jose Luis Varez Fisaren oinordekoei erosi deutse Arte Eder Museoak koadroa. Ordainketea egiteko, mailegu bat eskatu behar izan dau Bilboko erakustokiak eta datozen urteetan ordainduko dabe, Museoaren Lagunen ekarpenen bidez.

Luis Paret y Alcazarren obreak interes historiko itzela dauela dinoe Arte Eder Museokoek, izan be, Kantauriko kostaldeko portuak erakusten dituen koadroen saileko lehen obratzat hartua da, eta madrildar artisteak marraztutako Euskal Herriko lehen irudia be bada. Goyaren urte berean jaio zan Paret, eta, zorigaiztoko gorabehera biografiko batzuk zirala galdu eban Gortean lortutako ospe ona eta nagusitasuna, Goyaren mesedetan. Sasoi haretan, Euskal Herrian ia ez egoan tradizino artistikorik eta Pareten mailako margolari bat hemen bizi izana jazoera ezohikoa izan zan, bai eta garrantzi handikoa be, herrialdearen bilakaera artistiko eta kulturalerako.

Obra hau, XVIII. mendeko pinturako maisulan handienetakoa ez eze, Euskal Herriko herri baten lehen irudi moderno eta esangurarik zarratuenean artistikoa dala esan daiteke. Bikain konserbatutako orio pinturea da, kobrezko euskarri delikadua izan arren. Ezin hobeto buztartzen ditu jagondako konposizinoa eta eszenaratzea, azken ukitu bikain eta zeheakaz. Paretek topaketa sozial modura landu eban bistea, eta duintasunez agertu zituan tipoak eta ohiturak; alderdi horretatik, aurrekaririk bako lekukotzea emon eban euskal lurraldeari jagokonez.

Karlos IV.a erregea izango zanarentzat, Karlos III.aren seme eta garai haretan Asturiasko Printze zanarentzat margotu eban kuadroa.

Paretek Bermeoko beste bista bategaz bikotea osotzeko asmoz sortu eban margolan hau; beste obrea desagertuta dago gaur egun, portua ekatx bete-betean ikusten zan haretan. Bilboko Arte Eder Museoak Paret y Alcazarren (1746-1799) bildumea osotuko dau lan honegaz.

Bilduma horretan dagoz, lehendik, Bilboko Arenalaren bistea, 1783-1784koa; Baserritarren eszenea (zatia), 1786koa; Hondarribiko bistea (zatia), 1786koa; Maitasunaren garaipena gerraren aurrean, 1784koa; Ama Birjina Umeagaz eta Santiago Nagusiagaz, 1786koa; Jainko Artzaina, 1782koa; eta, orain, Bermeoko bistea eskuratu barria, aitatu dogun legez, 1783koa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu