Bill Violaren atzera begirakoa dakar Guggenheim Museoak udan

Bizkaie! 2017-06-02 08:36   Kulturea

Bagilaren 30etik zemendiaren 9ra bitartean ikusi ahal izango da artista amerikarraren ikus-entzunezko piezen aukeraketa kronologikoa.

'Ameslariak (The Dreamers)', detailea. Bideo eta soinu instalazinoa, 2013. Irudia: Guggenheim Museoa. | Ikusi handiago | Argazki originala

Bideoartearen garapenaren aitzindarietako bat da Bill Viola, Bilboko Guggenheim Museoko arduradunen esanetan. Horregaitik, era kronologikoan eta tematikoan ordenautako atzera-begirakoa eskainiko deutsie. Amerikarraren ibilbide artistiko osoa erakustea eta ikus-entzunezko artearen bilakaerea aztertzea dira helburu nagusiak. Anbizino handiko proiektua dala dinoe museoko arduradunek, eta Lucía Aguirre izango da komisarioa.

New Yorken jaio zan Viola 1951. urtean eta 1970eko hamarkadan hasi zan bideoarteagaz esperimentetan. Mistizismoan, poesian eta filosofian interesa eukan eta gai horreek jorratzeko erabilten hasi zan ikus-entzunezkoak. Gizakiaren izakerea, jaiotzea, heriotzea, aldaketa prozesuak eta holako gaiak sarri landu zituan.

Bill Viola: Atzera begirakoa erakusketearen abiapuntuan, artistearen hasikerako bideo sorkuntzetara salto egingo dau bisitariak. Kanal bakarreko zinta zaharrak egongo dira ikusgai, esaterako 1976ko Lau abesti eta 1977-79ko Urmael islatzailea. 1980tik aurrera, Kira Perov artisteagaz alkarlanean hasi zanean, Violaren estiloa aldatu egin zan eta telebistan emoteko moduko piezak sortzen ibili zan. Kamera eta objektibo bereziak erabilita, pertzepzinotik kanpo dagoana erakusteko ahalegina egin eban.

1990eko hamarkadan, ostera, formatu handiko instalazinoak egin zituan Violak, batzuetan gela bateko horma osoa hartzeraino. Ikuslea soinuan eta irudian sartzea zan artistearen asmoa. 2000tik aurrera, ostera, bereizmen handiko teknologia erabilten hasi zan artistea eta barriro formatu txikiagoetara bueltau zan, esaterako Pasioak sailean. Edozelan be, instalazino monumental batzuk be egin zituan sasoi haretan.

Guggenheimek atondu dauen ibilbide kronologikoa gaur egunera arte heltzen da, Violak sortzen segiduten dau eta. Bizi izatearen esperientziaren esentziaren bila dabil, horretarako formatu eta baliabide ugari erabilita. Jaiotza alderantzikatua (2014) da Bilbon erakutsiko dan obra barrienetako bat.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu