EAEko sei artista gaztek aurkeztuko ditue lanak Guggenheim Bilbao Museoan

Bizkaie! 2017-04-10 11:17   Kulturea

Eginberri erakusketea Museoaren XX. urteurreneko ospakizunen artean dago.

Xare Álvarez, María Benito, Patrik Grijalvo, Izaro Ieregi, Zaloa Ipiña, eta Carlos Martínez artista gazteek erakutsiko ditue euren lanak apirilaren 10etik maiatzaren 7ra, talde erakusketa batean, Guggenheim Bilbao Museoko 177. aretoan. Eginberri ekimenaren epaimahaiak aukeratu ditu; 2016ko abenduan abian ipinitako eta Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBKk lagundutako ekimen horretan esku hartzeko aukerea izan dabe EAEko 35 urtetik beherako gazteek.

Sei proiektuok Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko artista gazteren 62 proposamenen artetik hautatu ditue, eta ondo emoten dabe aditzera gaur egun arte-diziplinen arteko aldeak lausoak dirala —besteak beste, pinturearen, eskulturearen, instalazinoaren eta argazkigintzearen artekoak—. Artista bakotxak 1500 euroko diru-laguntzinoa izan dau, artelanak produziduteko eta Museoan erakusteak dakarzan gastuei aurre egiteko. Lucía Agirre Guggenheim Bilbao Museoko arte-arduraduna izango da Eginberri erakusketearen komisarioa.

Epaimahaia honakoek osotu dabe: Asier Madarieta, BizkaiKOAren kudeatzailea; Eztizen Esesumaga, Rekalde Aretoko hezkuntza eta publiko arduraduna; eta Lucía Agirre eta Petra Joos, Guggenheim Bilbao Museoko arte-arduradunak; adierazo dabenez, aurkeztutako proposamen guztiek kalidade handia izan dabe eta hautatutakoek, gizarte-alkarrizketan sakontzeaz batera, egundo ikusi bako proiektu-multzo azpimarragarria eratzen dabe.

Ekimen hau Guggenheim Bilbao Museoak atondu dau, izan be, XX. Urteurrena ospatzen dauen urtean inguruko arte-komunidadeagaz alkarlanean jardun nahi dau, artista gazteek Museoan obrak erakutsiz ikusgarritasuna irabazi eta euren lana zabaldu ahal izateko.


Eva Longoria aktorea Bilbon

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu