Errugbiko Europako txapelketetako finalak Bilbon jokatuko dira 2018an
2017-04-04 08:26 KultureaKluben arteko Txapeldunen Kopako eta Challenge Cup-eko finalak jokatuko dira San Mames zelaian, datorren urteko maiatzean.
Eusko Jaurlaritzeak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilboko Udalak, Euskal Herriko Errugbi Federazinoak eta Espainiako Errugbi Federazinoak bultzatutako hautagaitzea izan da Bilbokoa. Era horretako kirol ekitaldi handi bat hartzeko gai da uria, hautagaitzearen bultzatzaileen ustez eta San Mames zelaia leku aproposa da errugbi partidu profesionalak antolatzeko. Europako errugbi txapelketa profesional garrantzitsueneko finala hartzeko hautagaitzea aurkeztu dau, beraz, Bilbok. Galesko Cardiff eta Ingalaterrako Newcastle izan dira beste hautagai biak.
Europako klub profesionalen erakundeak (EPCR dalakoak) Bilbo eta Newcastleren alde egin dau. 2018ko finalak Bilbon jokatuko dira eta 2019koak, Newcastlen. Txapeldunen Kopako finala ez eze, Challenge Cup-ekoa be ikusi ahal izango da San Mamesen, hau da, kluben arteko bigarren txapelketakoa.
Maiatzaren 11n eta 12an izango dira finalak Bilbon. Egun horretarako, azpiegitura guztia prest izan beharko dau uriak, izan be, zale ugari erakarten dituan kirola da errugbia Europako herrialde batzuetan. Kontuan izan behar da, datorren denporaldiko klubik onenak etorriko dirala Bilbora, Europako txapelduna zein dan erabagiteko.
EPCR-ren hautaketa batzordeak hainbat alor kontuan hartu ditu Bilboren hautagaitzearen alde egiteko orduan. Besteak beste, Bilbo uri moderno eta segurua dala eta San Mames goi mailako kirola hartzeko egokituta dagoala azpimarratu dabe (53.000 ikusle sartzen dira). Garraioa, leku batetik besterako distantziak, hotelen ahalmena eta antolakuntzarako baldintza onak be aitatu ditu EPCR-k.
Bilboko hautagaitzea babestu daben erakundeetako ordezkariek, bestalde, finalok Bilbori ekarriko deutsien onurea nabarmendu dabe. Lyon urian igaz jokatutako finaletan, esaterako, 86.000 ikusle joan ziran zelaira, partidu biak kontauta. Europa osoan emon eben telebistaz eta Lyoni 20 miloe euroko eragin ekonomikoa ekarri eutsan. Bizkaiaren irudia zabaltzeko aukera aproposa izango dala uste dau Imanol Pradales Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko diputaduak.
Eragin ekonomikoa albo batera itxita, euskal kirolarentzat albiste bikaina dala uste dau Bingen Zupiria Jaurlaritzako Kultura sailburuak. Erakundeen arteko lankidetzeari esker izan da posible hau, adierazo dau Zupiriak. Bilboko Udaleko zinegotzi Xabier Ochandianoren ustez, 2018an Euskadiko jarduerarik garrantzitsuena izango dira finalak. Bilbo Europako errugbiaren uriburu izango dala dino.
Europako Txapeldunen Kopako finala lehenengo aldiz jokatuko da Euskal Herrian, baina Euskal Herriko errugbiak badaki zer dan hor parte hartzea: Biarritz Olympique taldeak bi aldiz jokatu eban finala, 2006an eta 2010ean, txapelketeak Heineken Cup izena eukanean. Final biak galdu zituan. Challenge Cup bai, 2012an irabazi eban. Txapeldunen Kopan eta Challenge Cup-en makina bat bider jokatu dabe Miarritzeko zein Baionako klubek. Gernikak be jokatu eban behin (2012-13).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!