Luis Mari Mujika idazle eta filologoa hil da

Bizkaie! 2017-04-03 13:25   Kulturea

Donostian hil da, 77 urtegaz. Poesia, nobelea eta saiakerea idatzi eban. Euskaltzain urgazlea be bazan.

Luis Mari Mujika, 1986an, Irun Hiria saria hartzen | Ikusi handiago | Argazki originala

Luis Mari Mujika gipuzkoarrak alor ugaritan egin eutsan ekarpena euskereari. Alde batetik, idazle oparoa izan zan eta poesiako bilduma ugari plazaratu zituan. Lan horri esker, sari garrantzitsuak irabazi zituan: Lizardi saria (Aire neurtuak lanagaz), Irun Hiria (Nire soneto beroak) eta abar. Nobelak be idatzi zituan eta arlo horretan be sari ugari emon eutsiezen (Txomin Agirre saria bi aldiz, Irun Hiria...). Loitzu herrian uda partean, Hiru egun Larburun eta Bidean ihes dira Mujikaren nobelarik ezagunenetako batzuk. 1960an idazten hasi zanetik oraintsu arte, makina bat lan literario argitaratu ditu, beti euskeraz.

Literaturea idatzi ez eze, aztertu be egin eban Mujikak. Alde batetik, Egan aldizkariaren koordinatzaile izan zan eta, bestetik, saiakera asko idatzi zituan, Lizardi, Mirande eta beste hainbaten lana jorratuaz. Filologoa be bazanez, euskerearen inguruko saiakerak dagoz Mujikaren bibliografian. Toponimia aztertu eban, besteak beste. Euskal Herriko leku-izenen ganeko 18 liburu argitaratu zituan.

Diccionario General y Técnico izeneko hiztegia plazaratu eban 1977an. Ganera, Filologian doktorea zan eta EHUn irakasle izan zan denpora luzean. Euskaltzale sutsua izan zan Mujika, haren lanak eta ekintzek erakusten dabenez: 1980an Radio Nacional de España irrati publikoaren Donostiako egoitzea okupau eban, emisora horretan euskerea baztertu egiten zala salatzeko. Txillardegigaz egin eban hori. Euskaltzain urgazle zan Mujika, 1965etik.

Andres Urrutia euskaltzainburuak honakoa adierazo dau heriotzearen barri jakin dauenean: Garai latzetan, euskerearen suspertzailea izan zan; horrezaz gan, euskal letretan egile fina eta ikertzaile nekaezina, hainbat gauza ikasi genduzan bere lanetatik.

Lizartzan jaio zan Luis Mari Mujika Urdangarin, 1939an. Aspalditik Donostian bizi zan eta han hil da asteburuan, 77 urtegaz. Minbiziak jota hil da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu