Auto klasikoek errepidera urtengo dabe asteburuan, Rallyestone lasterketearen 12. edizinoan

Bizkaie! 2017-03-23 08:18   Kulturea

Barikuan hasita, hiru etapa izango ditu aurtengo Rallyestone nazinoarteko rallyak. Auto klasikoek 850 kilometro egingo ditue Bizkaiko eta Kantabriako errepideetan.

Rallyestone lasterketea bakarra da auto klasikoen alorrean, luzea eta gogorra dalako. Antxinako ibilgailu bategaz 850 kilometro egitea berez gatxa dan arren, zailtasun gehiago be badaukaz rally honek: Parte-hartzaileek badakie etapa bakotxa non hasi eta amaitzen dan, baina tarteko ibilbidea sekretupean gordeten da, etapa bakotxa hasi baino minutu batzuk lehenagora arte. Ganera, erdibideko kontrol postuak non dagozan ez dabe jakiten gidariek.

Erresistentzia eta erregulartasuna saritzen dira Rallyestonen. Autoen erregistro zehatzak egon daitezan, parte-hartzaile guztiek Anube izeneko sistemea eroango dabe, denporak zehaztasunez neurtzeko. Aurtengoa 12. edizinoa da eta 50 auto inguruk parte hartuko dabe. Bizkaiko Motorzaleen Peñak antolatzen dau rally berezi hau.

Rallyestonen parte hartu ahal izateko, autoek gitxienez 25 urte izan behar ditue. Aurten izena emon dabenen artean, badagoz mende erdira heldu diranak be, esaterako, 1967ko Austin Cooper S bat.

Barikuan, hilak 24, arratsaldeko 18:00etan hasiko da aurtengo Rallyestoneko lehenengo etapea, Bilboko Arenalean, eta parte-hartzaileak goizaldeko 02:30etan bueltauko dira abiapuntura, gitxi gorabehera. Zapatuko eta domekako etapak goizez izango dira. Ibilbidea Bizkaitik egingo dabe gehienbat, eta Kantabriara be pasauko dira tarte batzuetan. Auto klasikoen zaleek, ganera, Arenalean ikusi leikeez autoak egunotan.

Autoek pasau beharreko errepide bakotxean, gehienezko abiadura bat zehaztuko dabe antolatzaileek. Normalean, bat dator errepidearen ohiko mugeagaz, rallya trafiko arruntagaz batera jokatzen da eta. Bataz besteko abiadurara gehien hurreratzen dan autoak irabaziko dau. Beraz, kontua ez da arin joatea, ezarritako abiaduran joatea baino.

Rallya amaitzea bera be ez da erraza, antxinako autoakaz 850 kilometro bete beharko dira eta. Lehiaketeagaz batera, beste hainbat ekintza be antolatu dira Rallyestoneren inguruan. Batetik, lasterketea hasi aurretxuan, auto klasikoen kontzentrazinoa egingo da Arenalean bertan. Lehian parte hartu ez arren, auto zaharrak bertara eroateko deia egin dabe, jente aurreko erakustaldia egiteko. Bestetik, Bizkaiko Elikagaien Bankurako janari bilketea egingo dabe lasterketan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu