Hamar diseinatzaile gazte lehiatuko dira Getxo Moda 2017n
2017-03-21 11:30 KultureaMaiatzaren 1etik 5era egingo da Getxo Modaren 32. edizinoa. Lehiaketaz gan, diseinatzaile ezagunen desfileak eta erakusketa bat egongo dira.
Aurten 14. aldiz antolatu dabe, Getxo Modaren barruan, diseinatzaile gazteen lehiaketea. Sortzaileek euren diseinuak erakutsiko ditue desfileetan. Parte-hartzaileak, hamar guztira, Euskal Herriko eta inguruko sortzaile hasibarriak dira: Beatriz Martínez de Baroja, Eder Aurre, Eduardo Loreto, Ley Herma, Zurh, Maribel Peláez, Mireya Rioja Armatta, Nando Arce, Susana Pérez eta Valentín Carballo.
Modearen eta diseinuaren munduan ospea lortu daben Ailanto anaiak eta Isabel Zapardiez izango dira Getxo Modako konbidau nagusiak. Euren diseinuak erakutsiko ditue eta, ganera, diseinatzaile barrien lehiaketako epaimahaian izango dira. Eurakaz batera, epaimahaikide izango dira Enrique Portocarrero kritikaria, Marta Pérez Elosua argazkilaria, Mónica Deprit blogaria, Isabel Hormaechea irakaslea, Rosa Ruiz dendaria eta Igone Cabrerizo, igazko lehiaketea irabazi ebana.
Beste alde batetik, Marta Pérez Elosuaren argazkien erakusketea egongo da Joseren jauregian, Getxo Moda martxan dagoan artean. Diseinatzaile gazteen sorkuntzak batu ditu argazkiotan Pérez Elosuak, Oihal artean izenburupean. Ailanto anaiek eta Isabel Zapardiezek master-classa emongo dabe eta ohiko desfileak be antolatuko dira, maiatzaren 1etik 5era, Getxo Modaren 32. edizinoan.
Desfileak ikustera joatea doban da eta edozein herritar sartu leiteke. Halandabe, gonbidapena hartu behar da aurretik, Getxoko dendetan eskatuta. Pasarelak amaitu eta gero, aurtengo edizinoko sariak eta errekonozimenduak banatuko dira.
Antolatzaileen esanetan, Getxo Moda prestigio handia hartzen dagoan ekimena da eta modearen erreferentzia nagusia da Espainia iparraldean. Antolatzaileen ustez, ospe horren erakusgarri dira 32 edizino bete izana eta urteotan pasau diran diseinatzaile entzutetsuen parte-hartzea. Era berean, erakunde publikoen babesa azpimarratu dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!