X. Bilbao Mendi Film Festivalera filmak aurkezteko epea zabalik dago

Bizkaie! 2017-03-21 09:48   Kulturea

Irailaren 30era arte aurkeztu daitekez lanak, abenduaren 8tik 17ra egingo dan Bilbao Mendi Film Festivalari begira.

'Almas gemelas', Javier Urbon - Ohorezko Aitamena (2016) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilbao Mendi Film Festivalaren 10. edizinora filmak aurkezteko epea zabalik dago honezkero. Zazpi hilebeteko epearen barruan, irailaren 30era arte, aurkeztu daitekez lanak, abenduaren 8tik 17ra egingo dan BMFF-ari begira.

2015ko urtarrilaren 1etik aurrera produzidutako lanek baino ezin izango dabe parte hartu edizino honetan. Mendiagaz lotutako gaiak jorratzen dituen filmek: alpinismoa, eskaladea, abenturea eta mendi kirolak, eskia, muturreko kirolak, ekologia, ingurumena, etnografia...

Produkzino-etxe, zuzendari eta egileek aintzat hartu beharreko arauak www.mendifilmfestival.com atarian dagoz, Araudia-Izena Emotea atalean.

Urteen porasuz gero eta jente gehiagok emoten dau izena, bai kopuruan eta baita lanen jatorrian bere. Igaz, 150 lan aurkeztu zituen, 25 herrialde ordezkatuz, eta horreetatik 42 hautatu zituen Sail Ofizialerako, tartean mundu mailako hiru estreinaldi eta Europa mailako hamar eskainiz. BMFF, mendia, abentura eta natura gaien inguruko zinemagintzan erreferentzia nagusietakoa da nazinoartean.


Mendi Tourrak 3500 ikusletik gora batu ditu neguko saioetan

Hamargarren edizinoaren atarian, Mendi Tourraren bidez batean eta bestean eskaintzen gabiz 2016ko BMFFeko filmarik onenak. Euskadi, Nafarroa, Valentzia eta Piriniotan 12 Mendi Tour antolatu dira neguan, eta sekulako erantzuna izan dabe: 3500 ikusletik gora batu dira aitatu hitzorduetan. Vitoria-Gasteiz eta Tolosa hitzordu klasikoak dira dagoeneko, horretarako bidea egiten dabiz Igorre, Eibar, Zangoza, Canet d'en Berenguer edota Luz Saint Sauveur, eta aurten hasi dira beste batzuk, berbarako, Vielha.

Hurrengo geltokiak ondokoak dira: Camargo (martiak 23), Antzuola (martiak 30), eta baita Mexiko bere (martiak 28 eta 30); hor bertan Freeman agentziaren bidez kolaborazino moduan hainbat pelikula eskainiko ditue irailean Mexikoko hainbat uritan egingo dan Mendi Tourraren aurrekari legez. Hemen Mendi Tour 2017 egutegia.


CVCEPHOTO lehiaketara argazkiak aurkezteko azken egunak

X. Bilbao Mendi Film Festivalerako kartela CVCEPHOTO nazinoarteko mendi jardueren argazkilaritza lehiaketara aurkezten diran lanen artetik hautatuko da.

Club Vasco de Camping Alkarteak sustatzen dauen lehiaketeak bere hirugarren edizinoan 'Bilbao Mendi Film Festival Kartela Saria' sortu dau horretarako. Danetara, 600 € jasoko ditu obra irabazleak eta BMFF kartel ofizialeko irudia izango da. Lanak aurkezteko epea gainean dago, izan be, martiaren 31ean amaituko da. CVCEPHOTO 2017 - Oinarriak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu